|
Gauza bera gerta  tzen zitzaidan niri: barru barruan sartzen zitzaidan haren begirada, baina ez zidan nik nahi ez nuen ezer egiten, beti errespetuz begiratzen zidan, eta baita hitz egin ere, garbi esaten zidan zer nahi zuen, gaugiro polita du, goazen bueltatxo bat ematera,
|
baina
ni gogorik gabe banengoen, bera ez zen gehiago saiatzen, inork ez nau, azken momentuko zirkin itsusi baten gorabehera, Inaziok bezala tratatu, berorrek ez daki zer den trapuzar bat banintz bezala bizitzea, trapuzar bat naizela sentitzea; Inaziok, ordea, gozotasunez tratatzen ninduen beti eta laztana esaten zidan, edo kariño, baina ez gixon melenga bat delako, ez, ez da melenga, niri ez zaizkit...
|
|
Uda batez, oporrengatik herria erdi hustu zela baliatuz, negozioa egun batzuetarako itxi eta, Valladolideko errepidetik barrena, Tomasek Galiziara eraman ninduen. Ez genuen hitz askorik egin bidean, orduak eta orduak ematen genituen elkarri ezer esan gabe, baina momentu batean esku bat jarri zidan belaunean eta esan zidan asko maite ninduela, zuregatik ez balitz!, atera zitzaion, eta ez zuen gehiago erantsi,
|
baina
nik gogotik eskertu nizkion hitzok, nirekin zuen zorra aitortzen ari zitzaidan, eta ni pozik, oso pozik, eta Allariza iritsi ginenean, hoteltxo polit batean hartu genuen ostatu, ezagutzen du berorrek Allariz?, oso herri atsegina da, dena harrizkoa eta kale bihurriekin, oraindik gogoan dut zanburiñak probatu nituela bertako jatetxe batean, nik hasieran ez nituen jan nahi, ez zitzaidan haien itxur... esan zidan barrezka, eta niri ere karkailatxoa atera zitzaidan afaritakoak botatzeari utzi gabe, Tomasek harrerara deitu zuen kamamila bat eskatzeko, ez naiz gau hartako beste ezertaz gogoratzen, biharamunean Baionara abiatu ginen, itsasoa ikustera, ni pozez zoratzen nengoen Tomas pozik ikusten nuelako, eta autoan zer esango, eta, gaur ez dituzu zanburiñak eskatuko, ezta?, eta nik ezin barre egin sekulako orratzak neuzkan-eta buruan, Baionara iritsi ginen, hotela hondartzaren parez pare zegoen, eta Tomasek argazki bat ateratzeko eskatu zion han hurbil polaroid batekin erretratuak ateratzen ari zen gizon bati, Tomasek eskupeko polita eman zion argazkiagatik eta gizona kontentu, gu ere bai, gero tabernaz taberna ibili ginen Baionako kaleetan, alkohola usaintze hutsak botalarria eragiten zidan niri, baina Tomasek gogotik edan zuen egun osoan, eta hotelera itzuli ginenean harrerara joan zen, igotzeko xanpaina gure gelara, eta Tomasi gustatu ez zitzaion zerbait esango nion nik harrerako neskaren aurrean, ez dut gogoan zer, nahikoa edan zuela edo horrelakoren bat, baina kontua da alaitasunetik petralkeriara pasatu zela kolpean, eta gelako atea itxi bezain laster ukabila jaso eta sekulako ukabilkada eman zidan aho betean, zer haiz ba puta zahar ostia, hik ez dun erremediorik, beti izango haiz puta zorritsu bat, horixe esan zidan, eta ni ahoa odoletan nuela nengoen, begira nola utzi zidan ahoa, begira beza berorrek nazka ematen ez badio, hemen falta zaizkidan hortzak orduan galdutakoak dira...
|