|
...eta horra zergatik ez den aho hori zirrikitu mutu bat baizik, eta mirariz amak hitz egingo balu, ez ezazu uste horrek esnaraziko lukeela, ez ezazu uste leihoak lehertuko liratekeela eta ama ohe erdian jaikiko litzatekeela, ez, bere hitzek ez lukete jasango beren buruak aditzea ere, bere berriketak oheari helduko lioke, hitz egiteko beste inor ez lukeelako, gaztetako argazki bat izan ezik, eta ezta
|
hori
ere zeren argazkiek ez dute erantzuten, jendea bezalaxe zahartzen dira argazkiak, horitu egiten dira nola horitzen baitira ile urdinak, eta laster amaren gaztetasuna bera ere horitu egingo da, ama zahartu egingo da logela horretatik eta ohe horretatik kanpo bizi bat izan zuelako ideia desagertu arte, ohe horretatik, berarekin eta bere argazkiarekin paraleloan dagoen zahartze horretatik jada ezin ...
|
|
Eta gizonek berenganatu nauten mila, bi mila edo hiru mila aldi horiek galeratzat baizik ezin daitezke kontatu, ez dira gehitze bat, are, badakizu zer diren Sodomako ehun eta hogei egunak, irakurri duzu amaiera arte ezin jasan izan baduzu ere, bada jakizu ni ehun eta hogeita batgarren egunean noala, dena arauen arabera egin da, eta halaxe da oraindik ere, ehun eta hogeita bi, ehun eta hogeita hiru, lehenengo telefonoz agentziara hots egin goizean goiz tokia izango duzula segurtatzeko, goizean goiz hots egin behar duzu agentziak egun horretan han egoteko baimena ematea nahi baduzu, eguneko menuan egon nahi baduzu, gaur zuentzat lan egin dezaket, baimena ematen didazue zuen apartamentuetan nire burua prostituitzeko, zuentzat, sentitzen dut atzokoa, sentitzen dut etorri ez izana, agindu banizuen ere, zera, hilekoa nuen, baina gaur joana da, ia ia joana, baina dena pentsaturik daukat, belakia eta oinetako gorriak, txabusina eta masaje olioa, eta goizeko lehenbiziko dei hori egin eta gero, patroiak egun hartan hara joateko baimena eman eta gero, Penfield doktorea kalera joan behar duzu arrazoizko denbora tartean, zeren nonbait bezeroak zain dira kanpoan, ilaran, egun horretako puta sosegatzera etorriko zaien esperantzan, laneko batzarrek berriz ere denak hiriguneko bulego eraikinetara herrestan eraman baino lehen, ongi hasi nahi dute eguna inondik ere, sexuak estresa baretzen du, gauza jakina da, hori diote behintzat aldizkariek, sexologoek eta medikuek, hortaz ahalik eta goizen heldu behar duzu hona, eraikin handi eta ilun baten bukaeran dagoen gela honetara, merke zurrean itsuski jasotako eraikin bloke bat da, erlauntza erraldoi bat erlazulo txiki lizunez leporaino betea, eta gero izarak daude, bezperan aldatu ez bazituzten aldatu egin behar dira, eta paperontziak hustu, hustu ez bazituzten, eta gero makillatu eta zain egon behar duzu, nahi duzuna egin dezakezu zuhur jokatzen baduzu eta apartamentutik irteten ez bazara, telefonoak jo zain egon behar duzu, lehenengo bezeroa badatorrela iragarri arte, inork atea jo zain egon, bezeroa sartzen da eta ordaintzen du, biluzten da, miazkatu egiten diozu, berriz miazkatzen diozu, zuri miazkatzen uzten diozu, kontaktua ahal den gutxiena, neuk nahi izaten dut horrela, alegia, nahi izateak horixe esan nahi du gutxi gorabehera, kontaktua murriztea. ...a, ez bada, zeren ez dut etxera sartu nahi izaten, lehenbailehen neure burua akabatu besterik ez dut nahi izaten, ez gela honetan horratik, polizia, ikerketa eta nire gurasoak bat batean saltsa honetan inplikatuak, galderak, tortura eta gainerakoa, kito da nire gurasoen bidez sufrimendua bilatzea, nire bihurrikeria agerian uztea, nire puterioa, neurea dudan gauza bakarra, bakarrik neurea, eta ezta
|
hori
ere zeren putaosteak daude, suerte guztietakoak, eta oroz gain nire modukoak, orduz lehen zahartu diren neska gazteen arraza, beren pentsamenduetako hitzontzikerian aberetuak, zertarako eta begien atzean negar egiten duen puta bazterrera botatako baten irudi perfektua baizik ez uzteko, takoiekin eta irribarre burlatiekin mozorroturik, hankak zabalik, betiko malgutasun otzanaren itxurapean desafio...
|