|
Jean da Montreal zapaldu duen hungariar bakarra, tira, horixe da berak esaten duena, beso txiki bat du besaburutik zintzilik, giharrik gabeko besoa da, ezin du mugitu, alferrikakoa du, harrigarria bada ere, beso abortatua da bere ibiliaren erdian dilindan, udazkeneko hosto bat da neguaren joanari eusten diona, ez dauka beso hori mugitzerik beste besoak lagundurik ez bada, eta hori ere zirkunstantzia jakinetan besterik ez, janzten denean edo ohean bizkar gainean etzaten denean, batzuetan bere buruaren atzean jartzen du beso txango hori niri irribarrez begira, bestela bezala, guztiz natural egiten du, erreflexu bihurtu da, lanera abiatu aurretik etxean orrazten garen modura, oso litekeena da jaiotzetikoa izatea baina ez daukat aztarrenik, horra gauzarik estrainoena, ez dugu gai horri buruz inoiz hitz egin, ez, urte hauetan guztietan ez dugu inoiz horretaz hitz egin, ez dakit zertan den bizkarretik dilindan alferrik daraman besoaren historia, ez dugu inoiz gure enkontruetan sartu, gure artean gelditu da, hortxe, arrotz, eta aldiro saihestu beharra daukat beso hori, ukitzeko beldur bainaiz, eta hori ere natural bihurtu da, erreflexu bat, aldiro aldiro nire eskuak beso hori ez bestea laztantzen du tematsu mugimendu bertikal eta hozbera bat eginez, inoiz ez naiz gorputzaren beste aldera barrentzen, beso txikiaren aldera, ez dut inoiz ukitzen besterik pentsatzen ez baldin badut ere, eta zer ehundura ote du, hotz ote dago, gogo onez galdetuko nioke guztiarekin ere zergatik kontserbatzen duen, ote luke bere burua beso horretaz gabetu, anputatu, nolanahi ere ez dio ezertarako balio, ez bada dilindan egoteko eta jendea aztoratzeko, leku esajeratu bat hartzeko, gustura esango nioke gloria handiagokoa dela beso anputatu bat izatea beso atrofiatu bat baino, muturrean dilindan esku hila duena gainera, eta atrofiaturik eduki ordez anputatua baleuka bidaiarazi egin ziezaiokeen, historia bat eman ziezaiokeen, ospea, gerlan galdu nuen, beso hori gihartsu bezain abil zen, hainbat etsai kalitu zituen, buruz buruko borroka batean galdu nuen, ia ia hil nintzen odolusturik, baina altxatu eta ibili egin nintzen bi orduz herriraino, baina hara heldu nintzenerako medikuak ezin izan zuen ezer egin, beranduegi zen, zainak kalteturik zeuden, bai, dilindaneko besoaren epopeia kontatu ezinik ez zukeen izango, baina ez, berak literaturaz hitz egiten dit, ez du sinesten ikasle naizela, guztiz harritzen du gaurko egunean, herrialde honetan inor puta eta ikasle, biak batera, izan ahal izateak, eta beso hil onartezin hori gure artean ez balego ez nuke harri koskorra mendi egingo, baina besterik ere bada, Jeanek orbain gorritzar handi bat du gorputzean lepotik zilborreraino, eta beste bi orbain iztergainetatik orkatiletaraino, ildo kirurgiko zabalak ile beltzetik barrena garrasika, igela bezala ireki zutela esaten dit beti, goitik hasi eta beheraino ireki zutela, lanabes oinarrizko eta herdoilak jandakoekin xerratu zutela, klitoria erauzten den herrialde horietan egiten duten bezala, zauria lokatzez estalirik eta berunezko eguzki galgak euli erruleak kitzikatuta, eta zer aurkitu ote zuten bularralde horretan, hanka horietan, bihotza operatu ote zioten, zainik erauzi ote zioten, medula, ezer ez dakit zeren ez dugu horretaz inoiz hitz egin, nola da posible ordea horrela markaturik egotea eta ezer ez esatea, ezer gertatuko ez balitz bezala, halakorik inoiz ikusi ez duen puta batekin larrua jotzea, halako desitxurakeriarik, eta neure buruari galdetzen diot nola sortu litekeen buztanik gorputz adabatu horretatik, nola litekeen zakila gogortzea eta hazia isurtzea, korritzea, nola litekeen barre egitea, jatea, iritziak izatea, lan bat, nola litekeen bere burua ez ikustea bainugelan ispiluko bonbila biribilez koroatuan, horra zergatik dudarik gabe maitasuna baden, bai, zentzu honetantxe da maitasuna ezer baino indartsuagoa, ama batek bere haurrari dion maitasuna da, indartsua, transzendentea, odol berekoarekiko maitasuna duzu, haurra nolanahikoa dela ere, guztiz arrosa edo birikarik gabea, baina hori ez da egia, zeren amek ez dute maitasun horrekin maitatzen, baliteke amek beren ..., ez esan, ez esan, magia, eta Jean Paul Sartre, eta bizi duenaren aurrean sentitzen den higuina, hazten denaren aurrean ideien historian duen lekuaren kezkatan gabe, Jainkoa ordezkatu nahirik zientziak jaso duen porrota kontuan hartu gabe, gauzarik seguruenetan ere gorderik den erlijiotasuna adierazi, kimikan, genetikan, izara zimurtuen artean binakako trufan, elkarri tarrapataka esaten dizkiogun
|
hainbat
autoreren aipuak, baina dilindan duzun beso txangoa inoiz aipatu gabe, garrasika hoska ari zaizkigun orbainak inoiz aipatu gabe.
|