|
Hitz horiek bakarrik, gehiagorako esperantza uzten ez zuen tonuan, eta Raimundo Silvak, hitz erdiak ere ulertzen badakienak, ulertu zuen bi horien ondoren han ez zuela zer eginik, probak ematera zen etorria, eman egin zituen, agurra esatea baizik ez zuen falta, Arratsalde on, edo galdetzea, Beste ezertarako behar al nauzu, hau oso galdera arrunta da, eta berdin balio du menpekotasunezko apaltasuna adierazteko nola frenoa ezartzen zaion inpazientzia adierazteko, eta, oraingo kasu honetan, gainera, aipamen lizun ere bihur zitekeena, tonu egokia erabiliz gero, gertatzen dena da askotan esaldiaren helburua den pertsonak entzun egiten duela esaldia, baina ez dela asmoaz jabetzen, nahikoa litzateke proba tipografiko batzuk arreta profesionalaz begiratzen egotea, are eta gehiago bertsoak baziren, bertsoek arreta berezia eskatzen baitute, Ez, ez dut ezeren beharrik, erantzun zuen, eta zutitu egin zen, une honetantxe Raimundo Silvak, pentsatu eta aurretik gogoeta egin gabe, ekintza eta ekintzaren ondorioa berarekin ez balihoaz bezala, arrosa zuria bi hatzez ukitu zuen, Maria Sara doktoreak aurrez aurre begiratu zion, zeharo estonaturik, ez zen estonatuago egongo gizonak lore hau loreontzi huts batean agerrarazi izan balu, edo hori bezalako balentriarik egin izan balu, baina guztiz espero ezin zitekeena zen hura bezalako emakume segurua bat batean aurpegia gorriz tindatzeraino asaldatzea, segundo bateko kontua izan zen, baina oso nabarmena, izan ere gezurra dirudi gaur den egunean inor hola gorritu ahal izatea, oraindik ere, zer pasatuko zitzaion burutik emakumeari, baldin eta zerbait pasatu bazitzaion, gizonak, arrosa ukitzean, emakumearen baitako intimitate ezkutu bat azalarazi izan bailuen izan zen, arimaren intimitatea, baina, eta ez gorputzarena. Baina are harrigarriagoa izan zen Raimundo Silva gorritu zela, baita ere, eta
|
emakumea
baino luzaroago iraun zuen gorriturik, segurutik arras irrigarri sentitu zelako, A zer lotsa, esan zion bere buruari, edo esango dio. Hau bezalako egoeretan, ausardiarik ez dagoelarik, eta ez dezagun galdetu, Ausardia zertarako, salbazioa ihesean dago, bizirik irauteko sena aholkulari ona da, txarrena ondoren dator, hitz nazkagarriak errepikatzen ditugunean, A zer lotsa, denok pasatu ditugu hori bezalako izugarrikeriaren bat edo beste, amorruz eta umiliazioz ukabilka erasotzen diogu burukoari, Nola izan nintzen horren ergela, eta ez dakigu zer erantzun, seguru asko oso adimentsua izan delako ergelkeria azaldu ahal izateko, eskerrak gelako iluntasunak babesten gaituen, inork ez gaitu ikusten, dena den gauak badu, eta horregatik pizten du gugan beldur gorria, ezbehar ñimiñoena ere higuingarri eta erremediorik gabeko bihurtzeko dohain maltzur bat, are eta gehiago hura bezalako ezbeharra.
|