|
X hegazkinean doa, lan bidaia batean, eta
|
nik
etxean geratu behar izan dut. Kandela piztu dut, ezer gerta ez dadin, nahiz eta badakidan hegazkin istripu bat gertatzeko probabilitatea askozaz txikiagoa dela kotxe istripu bat izatekoa baino; baina bizitzari bost axola zaizkio probabilitateak, bost axola maitasun eta pasio istorioak, eta hori pentsatu dudan une berberean jakin dut hegazkina dantzan hasi dela, turbulentzietan, eta momentu horretan X ren sabelak salto txiki bat egingo zuen, baina ez da ezer, pentsatuko zuen, X k ez baitu uste hegazkina txirtxilatu daitekeenik, eta gainera hegazkineko pilotuak megafoniatik ohartarazi du ez dela ezer gertatzen, ohiko turbulentziak besterik ez direla, eta irribarre txiki bat ateratzen zaio X ri pentsatuz ni hor egongo banintz izutu egingo nintzela, baina irribarrearen biziak gutxi iraun du, poxpolo bat izan da irribarre hori, halako batean hegazkin barruan alarma bat joka hasi delako eta oxigeno maskarak sabaitik erortzen hasi direlako dingilizka oihuak garrasiak izua hegazkinaren barrua okupatuz eta pilotuaren aldarriak megafoniatik entzunez esanez bakoitzak ahal duena egiteko hegazkina erotu zoratu egin dela eta X zalapartaren artean zer egin jakin ezinik baina maskara bat hartu nahian eskuetatik ihes egiten diolarik eta azkenean lortu du maskara puta ahoan jartzea eta sentitu du birikak bete zaizkiola baina badaki denbora gutxirako dela, hil aurretik Iberiakoek egiten dizuten opari txiki bat, lasaiago hil zaitezen, agian maskaretatik doan airean orfidal apur bat disolbatu dute, eta orduan sabela ahotik atera zaio X ri, ze hegazkina derrepente ezerezera erortzen hasi da eta maskara barruetan hiltzen diren garrasiak eta maskararik ez daraman haur txiki baten txilioak bere ama zorabiatuta egongo da pentsatu du X k eta ingurura begiratzen du eta dena da kaosa eta jendeak hegazkinetik kanpo soilik puztu behar diren salbamendu jakak puztuta daramatza eserlekuetan ezin kabituta eta orduan konturatu da nik arrazoia nuela nire aieruekin eta nitaz akordatu da baina ez luzaz hegazkineko alarma zarataka ari delako eta lurretik maletak whiski botila txikiak eta inork eskurik ematen ez dion azafata bat daudelako labain egiten eta ez du pentsatzen nigan baizik eta bere bizitza bukatzen ari dela eta ezin du ebitatu kalkulatzea zenbat segundo tardatuko duten ozeanora erortzen eta ea nola hilko den kolpeaz ala uretan itota ala hipotermiaz eta azken hiru segundo eta erdietan alboan daukan emakumeari ematen dio eskua zertan ari den jakin gabe, eta zertan ari den jakinda begietara begiratzen dio, eta pentsatzen du maite duela alboan eserita dagoen eta ezagutzen ez duen emakume hori, bizitza maite duen modu berberean, eta nik pentsatu dut nahi nukeela X hegazkin horretan ez egotea, egun horretan gosariak urdaila nahastea, autoak ez arrankatzea, autobidea kolapsaturik egotea eta X aireportura berandu iristea eta lan bidaian eraman behar zuen hegazkin hori galtzea, eta gero pentsatu dut X k hegazkina hartu badu eta hor egon behar badu Patuak hala dioelako eta bizia galdu behar badu gutxienez nahi nukeela beraren aldamenean egon, eta azken orduan eskua eman eta heldu eta estutuko dion emakume hori neu izatea eta ez emakume ezezagun hori, eta azken begirada neurea izatea eta ez usurpatzaile horrena, eta eskuarekin eta begiekin eta ahoarekin eta gorputz atal guztiekin esan maite zaitut maite zaitut maite zaitut, hegazkinak gainbehera egin, lurra edo ura jo, mila puskatan txikitu eta biok ezerezean amiltzen garen bitartean.
|