|
Baina gu hemen zineaz edo antzerkiaz, are bizitzaz, ari ez garenez, esan behar duguna esateko denbora luzeago eralgi behar dugu, batez ere konturatu egiten garelako lehen, bigarren eta are hirugarren saioaren ondoren, gaietako zati oso txiki bat baizik ez zatekeela azaldurik geldituko, hala eta guztiz ere interpretazioen oso menpe, eta, komunikazio ahalegin laudagarria egin eta gero, hau guztia esanik, itzul gaitezen hasierara, nahasturik jada, fokuratzeplanoa hurbiltzeko edo urruntzeko zorian, trebeziarik gabe, interesgunearen ertzak belatzeko arriskuarekin, interesgunea bera, nolabait esateko, identifikagaitz bihurtzeraino. ...gin zuen uhinezko mugimendu hartan utzi dugu, eta Maria Sara doktorea ere ez dugu bistatik galdu, esaneko eta otzan, nolabait, barkatu hitzak gehiegizkoak badira, ez da borondatea galdu duela, azken aldiz itxaroten dagoela baizik, ontasunez, agian, kontua da jakitea zuzentzaileak hitz zehatzak esango dituen, batez ere kakofoniarik txarrena saihestuz, hitz eta hotsarekin uztar ez dadin, alegia, eta
|
hitza
zein hotsa esanahiarekin, ikus dezagun Raimundo Silvak zailtasuna nola konpontzen duen, Mesedez, esan zuen, eta ongi ekin diola hasierari ez da zalantzarik, liburuaren aurrean eduki dudan erantzuna, ez dagoela zuzenduta entzutean eduki dudan ustekabea, hori guztia ulergarria da, nonbait mina eduki eta puntu hori ukitzerakoan gorputza berez kuzkurtzen denean bezala da, esan nahi dizudana da nahiko... Maria Sara doktoreak txosten bilduma bat hartu zuen bere ondoko apalategi baxu batetik, txosten bilduma bere magalean ipini zuen, eta hauxe esan zuen, Hemen daude bildurik zure iritziak, gero argitaletxeak, iragan urteetan, argitaratu zituen edo ez zituen hainbat libururi buruzkoak, Hori aspaldiko kontua da, Hitz egidazu horretaz, Uste al duzu merezi duela, Baietz uste dut, hala uste izateko arrazoiak dauzkat, Ongi da, argitaletxea, orduan, hasieran zegoen, edozein laguntza ongi etorria izaten zen, eta garai hartan, baten batek pentsatu zuen nik probak zuzendu baino zerbait gehiago egin nezakeela, adibidez hainbat libururi buruzko iritzia eman nezakeela, benetan esango dizut, ez nuen inondik ere uste paper zahar horiek gaur arte gordeko zirenik, Nire lanerako interesatzen zitzaidan artxibategiko zatia arakatzean aurkitu nituen, Ia ez naiz gogoratzen, Denak irakurri ditut, Espero dut hainbeste xelebrekeria ikusirik ez zinela irriz hasiko, Ez da xelebrekeriarik, aitzitik, zure iritziak bikainak dira, ongi hausnartuta eta ongi idatzita daude, Ez zenuen aldaketarik aurkituko, bai baten tokian ez bat eta horrelakorik, eta Raimundo Silva irribarre egiten ausartu zen, ezin izan zion eutsi gogoari, baina ezpainertzetatik bakarrik, konfiantza gehiegi hartzen zuela ez ematearren.
|