|
Alabaina, oker hau ez da habailena bezalakoa, agian bai eta agian ez arteko huskeria baizik ez, izan ere zer inporta digu, gaur egun, balear edo baleariko deitzen ote zieten, baina inolaz ere onartu ez litzatekeena da Afonso Lehenaren garaian quina horiei buruz hitz egitea, quina horiek ez baitzuten toki bat izan banderan bere seme Sancho errege izan zen arte, eta orduan ere auskalo nola ezarririk, gurutzatuak edo erdian, edo quina bat hor eta gainerakoak bakoitza bere zokoan, edo zelai guztia betez, azken hau delarik, aditu serioenen arabera, hipotesirik zentzuzkoena. ..., algara militar kementsuaz, eta ondoren erregearen aurreko desfilea, erregea bere oinekin zanpatzen ari da, mendekatzaile, mairuen odolaz gain, musulmanen ilgora, eta hau da bigarren okerra, burugabekeriarik gorena, bandera hori ez baitzen sekula Lisboako hormen gainean jaso, zeren, historialariak jakin lukeen bezala, banderan ilgora jartzearena otomanoen inperioaren asmazioa izan baitzen, bi edo
|
hiru
mende geroago. Haatik, Raimundo Silvak boligrafoaren punta quina horien gainean pausatu zuen, baina berehala pentsatu zuen handik kentzen bazituen, eta haiekin batera ilgora ere bai, orri osoan lurrikara bat nabarituko zela, dena amilduko zela, uneko handitasunak merezi zuen erremate duinik gabeko historia izango zela, eta ikasgai hau oso egokia da jendeak ikas dezan zer nolako garrantzia duen lehen begi kolpeaz kolore bakarreko edo anitzeko oihal zatia baizik ez denak, hainbat modutara koloreztatuak diren irudi ebakiak ere badituena, irudi hauek izan daitezkeelarik gazteluak eta izarrak, edo lehoiak, edo adarbakarrak, edo arranoak, edo eguzkiak, edo igitaiak, edo mailuak, edo zauriak, edo arrosak, edo sableak, edo aihotzak, edo konpasak, edo gurpilak, edo zedroak, edo elefanteak, edo idiak, edo bonetak, edo palmondoak, edo zaldiak, edo argimutilak, batek daki, katalogorik eduki ezean bat galdu egiten da museo horretan, are okerragoa da banderei blasoiak gaineratzen bazaizkie, hauek ere familia berekoak, orduan zerrenda bukaezina da, lisloreak, oskolak, gerrikoaren belarriak, lehoinabarrak, erleak, armak, zuhaitzak, makuluak, mitrak, galburuak, hartzak, arrabioak, lertxunak, eraztunak, ahateak, usoak, basurdeak, birjinak, zubiak, beleak eta karabelak, lantzak, liburuak, bai, baita liburuak ere, Biblia, Korana, Kapitala, ahal duenak igar beza, eta halako gehiago eta gehiago, atera daitekeen ondorioa delarik gizonek ezin dezaketela esan nortzuk diren beste gauza bat direla ezin badute alegatu, eta hau arrazoi nahikoa da banderen kontua, jaitsiarena eta eraikiarena, bere hartan utz dezagun, baina jakinik, haatik, dena gezurra zela, gezur erabilgarria puntu bateraino, hau lotsarik handiena, gezurra zuzentzeko kemena ez baikenuen izan, eta bere ordez funtsezko egia jartzen ez baikenuen jakingo, hau delarik gehiegizko xedea, baina xede iraungiezina, Ala erruki dakigula.
|