|
Lehenbizikoak zerikusi zuzena du dauden itsaso baliabideekin, urriak direnak, hementxe nabarituko dugu, batez ere, zein beharrezkoak ziren gurutzatuak, beren itsasontzi guztiekin eta ehunka batel eta txalupa lagungarriekin, zeren, gurutzatuak hemen baleude, begi klik batean garraiatuko bailituzkete soldaduak aurrerantz doan fronte izugarri zabalean, mairuak ertzean zehar barreiaraziz, eta, ondorioz, defentsa ahulduz. Bigarren arazoa, orain erabakigarria, berebiziko garrantzia duena, lehorreratzeko tokia edo tokiak aukeratzea izango da, kontuan hartu behar baitira
|
ez
bakarrik ateetarainoko luze laburra, baizik eta, baita ere, estuarioko ahoko lokatzetatik Porta de Alfofako sarrera hegoaldetik defenditzen duten malda malkartsuetaraino lurrak jartzen dituen oztopoak. Segi genezake hirugarren, laugarren, bosgarren arazoekin, baita seigarren eta zazpigarrenarekin ere, baina denak dira, gutxiago edo gehiago, hasieran aipatu diren bi horien ondorio, horregatik beste gorabehera bat esatearekin konformatuko gara, narrazio hau beste hainbat arlotan ere zein egiazkoa den oso agerian uzten duena, geroxeago ikusiko dugunez, eta gorabehera da estuarioko ertzetik Porta de Ferrora oso distantzia laburra dagoela, ez ehun urrats baino gehiago, edo, neurri modernoetan paraturik, laurogei bat metro, distantziaren laburrak galarazten du hemen lehorreratzea, zeren txalupen multzoa etorriko baitzen arraunean, arraunketa nekosoan oraino estuarioaren erdian, armez eta gizonez astun zamaturik, eta ordurako hiriko harresiak soldaduz mukuru babesturik egongo ziren, eta beste batzuk, zutik, uraren ondoan, portugaldarrak noiz hurbilduko zain egongo ziren, geziez josteko.
|
|
Frantziarrek eta normandiarrek beren dorreak eraikitzen segitzea, Henrique zaldunak eman zituen ikasgaiak probestea alde honetan lusitaniarrak, ikasitakoa aplikatuz, beren makina eraikitzen joatea, artilleriak bere aldian behineko bonbardaketak egitea, arkulariek beren gezi, azkon eta biroteak jaurtitzea, Braço de Pratako fabrikako eguneko ekoizpena ateratzen joateko, hauek denak epopeietan sartuko ziren keinu sinbolikoak baizik ez ziren izango, zeren behin betiko konponbidea, azkena eta erabatekoa, beste bat izango baitzen, gosea. Beraz, kapitainek agindu zehatzak eman zizkieten euren gizonei, harresietako gerrikoa egunez eta gauez zelatatzeko, eta
|
ez
bakarrik ateak, baizik eta zokorik ezkutuenak, manpararena egin zezaketen angelu irits gaitzak, baita itsasoaren aurrean ere, eta ez itsasotik hirira horniak sartuko ziren beldurrez, zeren horiek, behar zenerako, beti urri izango baitziren, baizik eta Alentejoko herrietara laguntza arrenak eramango zituzten mezulariek setioa txuliatu zezaten eragozteko, jakinik laguntza arren hauek janaria ez ezi... Oso denbora laburrera baieztatu zen neurria ona zela, ilargirik gabeko gau isil batean armadako galeoiei iskin egiten saiatzen zen batel txiki bat harrapatu zenean, batelak mezulari bat zeraman, mezularia almirantearen aurrera eraman zuten, eta gutun batzuk zeramatzala aitortzea beste erremediorik ez zuen izan, gutunak Almada eta Palmelako alkaideei zuzenduak ziren, eta haietan argi eta garbi ikusten zen Lisboako herri errukarriaren beharra noraino iritsia zen.
|