|
Iruñera motoan joan eta Iruñetik motoan itzuli, denbora dezente aurreratzen genuen, eta Tomasen amari egiten nizkion bisitak gero eta laburragoak zirenez, probetxu hori
|
ere
erantsi behar zaio asteleheneroko irabaziari: kontuan hartuta Iruñean elkarrekin pasatzen genuen denbora eta bidaiakoa, lauzpabost ordu egiten nituen Inaziorekin, baina ez kalean edo kafetegiren batean, ni beti nengoen-eta ezagunen batekin topo egiteko beldurrez, galdu gordean eta zoru labainean beti, eta geure buruen kaltetarako itsumustu hartan geunden batean, Inaziok erabaki zuen ezin genuela horrela ibili, eta ni atsoarekin nengoen bitartean, Inaziok gela bat hartzen zuen zahar etxetik hurbil zegoen hotel batean, eta hantxe egoten zen nire zain, zigarroak erre eta zigarroak erre, eta ni iristen nintzenean, zigarro bat jartzen zidan ezpain artean, eta esaten zidan, bi ordu bakarrik dauzkagu, eta nik zigarroa erretzen nuen bitartean, Inaziok gona jasotzen zidan pixka bat eta eskua sartzen zuen nire izterretan gora eta kuleroak jaisten zizkidan astiro astiro, nik zigarroa erretzen segitzen nuen, ez nuen beste ezer egiten, baina zigarroa bukatzen nuenerako erdi biluzik egoten nintzenez eta berotzen hasia, orduan ni hasten nintzen Inazioren arropetako botoiak eta kremailerak askatzen, bai, badakit, berori ez da horrelako kontuen entzun zalea, baina jakin beza ubeldurak eta ere ikusten zizkidala biluzik gelditzen nintzen askotan eta horrek zeharo sumintzen zuela, nik galdetzen nion ea berak ez al zidan sekula eskurik jasoko, eta Inaziok, begirada serioz, ezetz, bera ez zela horrelakoa, eta esandakoari indar gehiago emateko esaten zuen ez egitekoren bat egingo zuela egunen batean, eta, oso haserre, esan zuen, egunen batean Tomasek bere neurriko zuloa aurkituko du!, eta nik modu bakarra neukan Inazio lasaitzeko, berorrek badaki zein, poliki batean moldatzen nintzen ni, eta lasaitzen zenean, burua pausatzen zuen nire bularren artean eta sabaira begira egoten ginen biok planak egiten eta zer egin behar ote genuen asmatzen, horixe izaten genuen solas nagusia, zer egin, baina nik Inaziori esaten niona, nireak ez du erremediorik, laztana, hobe dugu bakoitzak bere bidetik, baina bera setatu egiten zen eta esaten zidan, etzazula horrelakorik pentsatu, egon behar du irtenbideren bat, hori esaten zidan beti, aurkituko genuela irtenbideren bat eta nik galdetzen nion, bai, baina zein?, eta Inazio isilik gelditzen zen, sabaira begira berriro, eta nik pentsatzen nuen sabaiari begiratzea eta ezintasuna gauza bera direla, eta ohetik jaikitzen nintzen negarrari eutsi ezinik, eta oso triste egiten genuen itzulerako bidaia, abiada bizi bizian, eta barrua huts hutsa sentitzen nuela jaisten nintzen mototik, eta etxera iritsitakoan, ohe gainean etzaten nintzen, baina begiak ixten nituen sabaira ez begiratzeko, eta hotelean pasatutako bi orduak errepasatzea izaten nuen barruko hutsa betetzen hasteko modu bakarra, gogoratuz nik zigarroa erretzen nuen bitartean Inaziok nola jasotzen zidan gona eta hori guztia...
|