|
Iritsi ziren gora, beraz, zaharra eta bere babeslea, beti modu berean, salbuespen gehiagorik gabe jendeak modu hori ontzat eman baitzuen, hau da, gaztigua lehenbizi eta ondoren eskaera eginda, lehen kategoriako kabinan hartu ahal izan zuten tokia, estuarioaren gaineko ikuspegi zabalarekin, ibai oparoa, itsaso mugagabea, baina ez zen handitasun hau izan gizonari botarazi ziona, Hau da hau, zoragarria, ondoren azaldu zuena baizik, Almuedano, nire begiak emango nizkizuke ikusten ari naizena ikus zenezan, gurutzatuen armada ibaitik behera, ura leun eta dirdiratsu, ura baizik izan ezin daitekeen moduan, guztiz urdina, berau estaltzen duen zerua bezain, arraunak konpasean igo eta jaisten dira, itsasontziek behetik hegan egiten ari den eta aldi berean edaten ari den hegazti saldoa dirudite, hegaldatzen ari diren berrehun hegazti, galera, batel edo galeota izenekoak, eta beste hainbat izen gehiago ere, nik ezagutzen ez ditudanak, lehorrekoa bainaiz, eta ez itsasokoa, azkar asko dabiltza, arraunek eta mareak bultzatuta, mareagatik iratzarri dira horren goiz, eta badoaz, orain aurrekoek haizea sentitu bide dute, belak altxatzen ari baitira, beste gauza miresgarri bat izango litzateke zuriak izatea, gaur jai eguna da, almuedano, gainera, ibaiaz beste aldean Almadako gure anaiak daude, keinuka, gu bezain pozik, Alaren borondateak salbaturik, haiek ere, Hura, Goienena, Urrikalkorra, Berez sortua, Biziduna, Kontsolagarria, Errukiorra, Zeinari esker askatu baikara barratik ateratzen ari diren zakur horien mehatxu izugarritik, gurutzatuak dira eta zeharkatuak bitez, euren anabasaren edertasunaren gomuta eurekin hil eta ahantz bedi, eta Malikek, infernuaren zaindariak, bertan atxiki bitza betiko, eta zigor. Inguruko guztiek txalotu zuten azken madarikazioa, denek almuedanoak izan ezik, eta ez ados ez zegoelako, baizik eta lehenago bete zuelako zegokion zaindari lana, mesfidati ausartaren zigorra eskatu zuenean, hain justu, eta itsusia baita, itsusia denez, anai arreben komunitatea otoitz egitera deitzeko ogibidea duena madarikazioka ibiltzea,
|
egunean
behin zigorra ezartzea nahikoa eta sobra da gizaki batentzat, Jainkoak berak ardura itzel horri betiko eutsiko ote dion ez dakiguna da. Horregatik almuedanoak mutu jarraitu zuen, horregatik eta beste arrazoi batengatik, bigarrena zen itsua zenez ez zekiela erabat pozik egoteko arrazoirik ote zegoen, Denak joan al dira, galdetu zuen, eta bere babesleak erantzun zuen, ziur jakiteko hartu zuen isilaldi baten ondoren, Itsasontziak bai, Esan garbi, zer gehiago dago itsasontziez aparte, Kontua da batzuk hor daudela, ibaiertzean, orain badoaz galiziarraren zelairantz, itsasontzitik jaitsi diren ehunen bat izango dira, armak eta ekipajeak daramatzate, hemendik ez da erraza zenbatzea, baina ez dira ehun baino gehiago izango.
|