|
Nolanahi delarik ere, egun hori iristen ez den bitartean, liburuak hemen daude, galaxia ezkutu bat bezala, eta hitzak, berorietan, harat-honat dabiltzan izarren hautsa dira, zentzu batean finkatuko dituen begiradaren zain, edo
|
beren baitan
zentzu berria bilatuko duen begiradaren zain, zeren, unibertsoari buruz ematen diren azalpenak aldatu diren bezala, lehen betiko eta denetarako aldagaitza ematen zuen esaerak, bat-batean, beste interpretazio bat eskaintzen baitu, edo kontraesan ezkutuaren posibilitatea, edo okerra zelako ebidentzia. Hemen, egia maskara aldakor infinituen gainean ezartzen den aurpegi bat baizik ezin izaten den bulego honetan, ohiko hizkuntzaren hiztegiak eta hitz-zerrendak daude, Morais eta Aurélios, Morenos eta Torrinhas, zenbait gramatika, Zuzentzaile Onaren Eskuliburua, ogibide honetakoen vademecuma, baina Artearen historiak ere badaude, Mundu osokoa, Erromatarrena, Persiarrena, Greziarrena, Txinatarrena, Eslabiarrena, Portugaldarrena, hau da, ia herri eta nazio partikularra den ororena, eta Zientziaren historiak ere badaude, eta Literaturena, Musikarena, Erlijioena, Filosofiarena, Zibilizazioena, Larousse txikia, Quillet laburtua, Robert zehaztua, Entziklopedia Politikoa, Luso-Brasildarra, Britainiarra, osatu gabea, Historia eta Geografiari buruzko Hiztegia, bi gai hauei buruzko Atlas unibertsala, João Soaresena, zaharra, Urtekari Historikoak, Garaikideen Hiztegia, Biografia Unibertsala, Liburu-saltzailearen Eskuliburua, Fabulen Hiztegia, Biografia Mitologikoa, Liburutegi Lusitaniarra, Geografia Konparatuaren Hiztegia, Antzin Arokoa, Erdi Arokoa eta Modernoa, Ikerketa Garaikideen Atlas Historikoa, Letren Hiztegi Orokorra, Arte Ederretakoena eta Zientzia Moral eta Politikoena, eta bukatzeko ez inbentario orokorra, begi bistatik hurbilen dagoenarena baizik, Biografiari eta Historiari buruzko Hiztegi Orokorra, Mitologiari buruzkoa, Antzinako eta Gaurko Geografiari buruzkoa, Antzinako gauzei buruzkoa, eta Erakunde Greziar, Erromatar, Frantziar eta Atzerritarrei buruzkoa, Arrarotasun, Itxuragabetasun eta Bitxikeriei buruzkoa ahaztu gabe, non, horra hor narrazio honi ezin egokiago datorkion kointzidentzia, Aristoteles jakintsuak etxeko euli arruntak lau hanka dituelako egin baieztapena errakuntzaren adibidetzat ematen baita, ondorengo egileek mendetik mendera errepikatu zuten gutxiagotze aritmetikoa, haurtxoek berek bazekitenean, ankertasunaz eta esperimentazioaz, euliak sei hanka dituela, Aristotelesen garaietatik erauzi egiten zizkietelako, boluptuosoki zenbatzen zituztela, bat, bi, hiru, lau, bost, sei, baina haur horiek berek, hazten zirelarik eta Greziako jakintsua irakurtzera joaten zirenean, elkarri esaten zioten, Euliak lau hanka ditu, horrenbestekoa baita maisuaren agintea, eta horrenbeste sufritzen baitu egiak berari buruz ematen diguten irakaspenarekin.
|