|
Eta orain bai, mintzaldiaren gainerakoa galdu baino lehen, adi diezaiogun arretaz mairuen gobernadoreari, bere ahotsa lasai ateratzen dela sumatuz, begi bistako datu batzuei buruz gogoeta egiten ari denaren tonua da, bare bare, begi bistako datu horietatik aldentzeko batere asmorik ez du, Nola nahi duzue guk sinestea, galdetzen zuen, gure gazteluko gotorlekua errenditzea besterik nahi ez duzuelako hori, eta aske geldituko garelakoa, eta gure etxetik botako ez gaituzuelakoa, nola nahi duzue hori guztia sinestea Santaremen egin duzuenaren adibideak dena gezurtatzen duenean, Santaremen heriotza ankerrenez lapurtu zenieten, baita zaharrei ere, gelditzen zitzaien bizi apurra, eta emakume babesgabeei zintzurra moztu zenieten arkume errugabeak bailiran, eta haurrak laurdendu zenituzten, eta haien aldarri ahulak ez zizuen bihotza urratu, ez esan orain gertaera triste horiek zuen oroimenetan iraungi direnik, ezen, egia izanik ere ezin ditzakegula Santaremeko hildako guztiak hona ekarri, dei ditzakegu, bai horixe, elbarri eta kolpatu izanik ere gure hiriaren babesera biltzera etortzeko indarrik eduki zuten guztiak, orain kolpe batez garbitu nahi dituzuen horiek beroriek, eta gu ere haiekin, ez duzuelako nahikoa izan lehen sarraskiarekin, ez zaitezte engaina, beraz, ez zaigu sekula burutik pasatu Lisboa baketsuki zuei ematea eta zuen menpe uztea, gu bertan gelditurik, eta onar ezazue inozokeria handia litzatekeela, gure aldetik, horren gutxi balio duen hitz horretaz fio izatea, benetakoa benetakoa ez denaren truke ematea, segurua zalantzazkoaren truke. Portoko apezpikuak keinu bortitza egin zuen, mairuaren jarioa etetera zihoalako plantan, baina artzapezpikuak seko moztu zuen asaldura, Egon eta entzun dezagun bukaera,
|
azken
hitza zure izango da. Mairuak aurrera segitzen zuen, Hiri hau behiala zuena izan zen, eta etorkizunean ere hala izango da, agian, hori Jainkoak baizik ez daki, berak eman baitzigun hala nahi izan zuenean eta berak kenduko baitigu gogoa duenean, ez dago bere borondatearen deliberoei aurre egingo dien harresirik, hala uste izan dugu guk beti, Jainkoaren gustukoa dena baizik ez dugulako nahi, berak salbatu baitu hainbat aldiz gure odola zeuen eskuetatik, eta hortaz, eta arrazoi osoz, miretsi egiten dugu, baita bere xede ezeztaezinak ere, ez bakarrik gaitz guztiak bere ahalguztiduntasunaren menpe daudelako, baizik eta, baita ere, bere gorengo arrazoiaz, zoritxarren, oinazeen eta irainen menpe jartzen gaituelako, eta, hitz batez, zoazte hemendik, burdinaz baizik ez direlako Lisboako ateak irekiko, eta agintzen dizkiguzuen zoritxar saihetsezin horiei dagokienez, gertatu ote duten, geroak esango, eta etorkizun dagoenarengatik geure burua hilduratzea eromena baizik ez da, eta miseriak nahita erakartzea.
|