|
...ndiagoa, erditik gora geunden, zu aurretik, ez atzera ez aurrera geratu zinen, atsedenleku batean harrapatu zintudan, besarkatu, ez gelditu, jarraitu, begiak itxita ere igoko nuke hau, Sara, fida zaitez nitaz, zatoz atzetik, lotu tinko sokak, jarraitu, jarraitu, mendizale bat hilik egun hartan, entzun genuen haren oihu lazgarria, hutsean behera, ezin ezer ikusi ordea, lainoa, izotza, elur malutak,
|
zure
begietan izua, fida nitaz, Sara, ez gelditu, beldurra saretuz doa zure begietan, elurraren distira zure betseinetan, ez gelditu, mendizalearen garrasi lazgarriaren ondoren isiltasun lazgarriagoa, nik oihu, entzuten digu norbaitek?, zuk oihu, bada norbait hor?, inor ez dago, edo urrunegi dago, haizeak ezabatzen ditu gure oihuak, norbait erori da, mendizale bat hutsean behera, hilik, igotzen jarrai... Oroitzen, Sara, tristea izan zen mendizalearena, baina aurrera egin genuen; tristea da elurraren distira zure betseinetan, baina aurrera jarraitzen dugu, eutsi, behera gatoz, behera, orain dena behera, Linzan salda beroa, dutxa beroa, lo, lo, eta txortan egin; ez zenuen jada txortan egin nahi, Lidiarena gertatu eta gero, ni erotu egiten nintzen, ez zintudan galdu nahi, amets ero harekin jarraitu nahi nuen, zu eta ni bakarrik aurrera, hiru ume, Hiru Erregeen Mahaian ernaldu, baina zuk ez zenuen nahi, beste gelara ihes egiten zenidan lotara, halere pixkanaka zeure onera etorri zinen, maite ninduzun, Sara, maite nauzu, zakur bat bezala utzi behar ninduzun bazterrera, baina maite ninduzun, maite nauzu, ez bat nire asmo zoroekin, baina maite ninduzun, maite nauzu, pixkanaka gurea bere onera itzuli zen, yoga klaseekin jarraitu genuen, nik neure baitan asmo zoroa elikatzen nuen halere, mendira irteten hasi ginen berriro, ez eskalatzera, baina ibilaldi luzeak egiten genituen Picos de Europa eta Pirinioetan barrena, eta bururatu zitzaigun Auñamendi igo, Lescunera jaitsi eta hurrengo egunean, gaur, Hiru Erregeen Mahaia egitea, nik neure baitan asmo zoroa, gailurrean lehen umearen hazia ernaltzea, inor ez dago, elurra ari du, lainoa alde guztietatik, gu bezalako zoro parea beste inor ez da ausartzen honelako giroarekin, elurra goian behean, eta izotza, elurraren distira zure betseinetan, ederra zaude gailurrean, ez nauzu lehen bezala saihesten, ondoratzen uzten didazu, zure ondoan nago, ume bat egin behar dugu Sara, hementxe, grinaren indar guztiarekin, atzetik bueltan, animaliek bezala; zer ari zara, Ananda, ez dut nahi; animaliek bezala, Sara, naturaren indarra, arraza berriaren lehen enborra; berriro kontu horrekin, Ananda, ez dut horrelakorik entzun nahi berriro, utzidazu, min egiten didazu, ostia, ez naiz zakurra, bortxatu egin nahi al nauzu; ez, Sara, munduko maitasun osoz, naturaren indar osoz, atzetik bueltan, utzidazu; zoaz kakatzara, Ananda, kakatzara, utzidazu, min egiten didazu.
|