|
Baina uko biribila eman zenien asmo haiei, kontra atera zinen, dena pikutara bidali zenuen; ezin nuen ulertu, lehen Lidiarekin nahi bai eta modu erritualean, berriz, ez nahi izate hura, zu baitzinen hazia sabelean eraman behar zuena, izarrek seinalatua, baina uko egin zenion, Jainkoaren kontra oldartutako aingeru eroriaren pare, eta ni pixkanaka erotuz joan nintzen, arrazoia zenuen, psikiatra batengana joan behar nuen, neure buruari esaten nion nola joango da ba yoghi bat psikiatrarengana, jainkoarren, ezinezkoa da, yoghia orekaren eredu da, ez didazu ulertzen, horixe da dena, aurpegiratzen nizun; baina ni nintzen ulertzen ez zuena, ama txikitandik galdu izanagatik desorekatua, inoiz ez nuen gainditu galera hura, zu nire zauri hura goxatzeko zori zorian egon zinen; taldeko tantra erritu hura pikutara bidali zenuenean, onerako izan zen zure ukoa, orain ulertzen dut, barkaizkidazu emandako kolpeak, inoiz barkatzen ez badizkidazu ere ulertuko dut, zakur baten antzera abandonatzen banauzu ere, epaile baten aurrera eramaten banauzu ere, laidoz bete eta kartzelara bidaltzen banauzu ere, zer salbatzaile gorotz izango nintzen ba, zer arraza berri sortuko nuen ba, zer aro berri ekarri, nire bihotzeko maitea errespetatzeko ere gauza ez nintzen eta, zu zeu izan nahi zenuelako baino ez, zuretik onena eman nahi zenidalako baino ez... ez, ez, ez, zaude, eutsiozu, ez itxi begi horiek, bizirik iraun behar duzu, ikusiko duzu, Linzan barazki salda beroa hartuko dugu, esne beroa eztiarekin, aspirina pare bat, dutxa beroa, bi egun jarraian lotan, eta gero txortan, biziberritu arte, gela txikia utziko digute biontzat bakarrik, ia inor ez da egongo, ulertuko dut nigandik ezer nahi ez baduzu, gehiago txortarik jo nahi ez baduzu, zakur bat bezala zure albotik uxatzen banauzu, merezia dut, Sara, istorio honetako birjina bakarra, bekatari batek bezala hitz egiten baduzu ere zure ahotsa aingeruzkoa da niretzat, esadazu, esadazu berriro: txoro putakumea, berriro eskua eransten badidak potroak moztuko dizkiat, ziztrin alaena, kabenlaostia; hitz egidazu horrela, halere birjina garbia izango zara, abandona nazazu, ulertuko dut, zoaz Felixekin, nik baino gehiago merezi zaitu, zoaz berarekin, baina ez itxi begiak,
|
utzi
zure betseinetako elurra ikusten, zu zeu izango zara, eutsiozu, begira, elurra atertu du, gora, zatoz bizkarrera, goazen, horrelaxe, arin arin jaitsiko gara, badakizu arin jaisten naizela zu bizkarrean hartuta ere, Urriellun oinetakoa puskatu zitzaizunean bezala, bizkarrean jaitsi zintudan, oraingo moduan, eta mendizaleak begira geratzen zitzaizkigun eta barre egiten zuten, eta gu alai, hitz egin... aizak mutil, bero bero hoa ezta, bizkarrarekin titi koxkorrak igurtziz?; orain titi koxkorrak hotz hotzak dauzkazu, ia ez dizkizut sumatzen anorakaren azpian, utziko didazu berriro titimuturra ahoan dudala lo egiten?, edo agian bakoitzak bere ohean lo egitea nahiko duzu, edo bakoitzak bere gelan, edo agian Bilbora iristen garenean zure familiagana itzuli nahiko duzu, zain dauzkazu, nire erruz urrundu zara haiengandik, zure gurasoek maite zaituzte, besterik gabe, ezer eskatu gabe, maite zaituzte, eta ni ere maite naute, zu zoriontsu egitea besterik ez dute nahi, edo agian aski dute zoritxarreko ez bazara, min egin dizut, Sara, inoiz ez diot barkatuko neure buruari; zure nebak jakiten badu, Molotov koktel bat jaurtiko dit buru gainera, edo zure aitaren ehizako eskopetaz seko botako nau, merezia izango dut; ehiza, nola arbuiatu ditudan ehiztariak, gizaki atzeratuak iruditzen zitzaizkidan, zure neba ere bai, nahiz ehiztari izan ez, halere horien artekoa da, ikasia baina basatia; IƱigok zioen giza espeziearen aurrerapena izan dela ehiza, euskal endaren historiak hala erakusten duela, euskal arraza izan omen zen kanibalismoari uko egiten lehenetarikoa, eta erritu ekintza bihurtu omen zuten ehiza, eta hala kontzientziaren indibidualizazioa gauzatzeko aukera sortu; baina iritsia omen da ehiztariaren eta kanibalismoaren aurreko egoerara itzultzeko garaia, gizakia fruitujale eta baketsu zen garaira, modu horretan giza kontzientziari beste bultzada bat emateko, indibidualizaziotik harago.
|