|
Ez da hain zama astuna izango, berehala eskailera jaisten hasi zen bizkortasunari erreparatzen badiogu, Maria Sara doktorea gogoratu du bat batean, bera zain egongo da, orain taxia hartuta baizik ez da iritsiko, bizitza horrelako luxuzko gastuetarako ez egon arren, deabruak eraman dezala txakurra,
|
ni
hemen samariar onarena egiten, ia segurua da ez nintzela etxera janari bila itzuliko Escadinhas de S. Crispimen janari eske zegoena atso bat izan balitz, tira, atso bat izan balitz agian bai, baina agure bat izan balitz, ezetz egingo nuke apustu, interesgarria da baieztatzea norberaren ontasuna, baldin eta horretaz mintzatzen ari bagara, inguruabarren eta objektuen arabera aldatzen dela, uneko os... Raimundo Silva, taxiak zeraman bitartean, pentsamendu jario honetan abandonatu zen, eta une honetara iritsirik, eten egin zuen jarioa, ustekabeko ondoeza sentitu zuen, baina ez fisikoa, bere baitan lo zegoen norbait iratzarri balitz bezala izan zen, eta iratzarri den hori oihuka balebil bezala, iluntasun erabatekoan murgildurik egoteagatik, horregatik errepikatu zuen, ikara pasa zekion denbora hartuz, Ez bada sekula Escadinhas de S. Crispimetik ateratzen, noren gainean ari naiz, galde egin zuen, taxia Rua da Pratatik igotzen ari zen, bera barruan zegoen, bera gizonen erresumako kidea zen, ez txakurrenekoa, eta Escadinhas de S. Crispimetik ateratzen ahal zen nahi edo behar zuen bakoitzean, oraintxe bertan demostratzen ari den bezala, orain badoa argitaletxera zuzentzaileen ardura duen Maria Sara doktorearekin mintzatzera, poesia liburuaren behin betiko probak ematera doa, eta gero agian erabakiko du etxera zuzenean ez itzultzea, liburu bat bukatu du, kasik liburu itxura ez duen arren, hain meharra denez, beraz, horrelakoetan egiten duena egingo du, jatetxean bazkalduko du, zinemara joango da, nahiz eta litekeena izan hori bezalako egitarau handia betetzeko adina diru gainean ez edukitzea, kontuak ateratzen ditu buruz, taxiaren kontagailua, diru zorroan zenbat edukiko duen gogoratu nahi du, aritmetika hauetan dabil konturatzen denean gau honetan ez dela aterako, ezin du ahaztu beste liburu bat hasi duela, ez, ez da Costaren nobela, erlojuari so egin zion, ia bostak dira, taxia Avenida do Duque de Loulétik barna igotzen ari da, semaforo batean gelditzen da, aurrera doa berriz, hortxe bertan, mesedez, eta Raimundo Silva, ordaintzeko dirua ateratzen duenean, begirada azkar batez konturatzen da jatetxera eta zinemara joateko adina diru ez duela, batera ala bestera joateko bai, baina batak bestea gabe ez du graziarik, Etxean afaldu eta horrekin segituko dut, horrekin hori Lisboako Setioaren Historia da, inoiz hitz horiek beroriek esan zituen, izenburu hori zuen liburua zuzentzen zuenean, oraindik errugabea zen garaian.
|