|
Malgukiak jauzi egin zueneko klakada entzun zen, hatzek atea bultzatu zuten, barruan argiak ezin indartsuago dirudi, eta ez da, baina Raimundo Silva erreferentziarik gabeko espazioan arraunean egingo balu bezala dago, naturaz gaindiko gauzei edo lurretik kanpoko izakien agerpenei buruzko filmetan boladan dagoen giro horietakoa da, argitasunak gainez egiten duen giro horietako bat, volten gehiegizko gastuarekin, espero izatekoa da telefonistak ikarazko garrasia egin dezan edo estasizko trantzean sar dadin, baldin eta, jada iraungitzen ari den une batez, bere sentikortasuna bilakatu den bibrazio kaleidoskopiko sentimenezko garroen ugaritze bat bezala edo edertasun gorenezko irradiazio baten moduan agertzen bada, gorputzaren kanpoko aldetik. Baina telefonistak, telefonogunea ibiltzeaz aparte atea irekitzeko eta datorrenari harrera egiteko lana bere gain dituenak, keinu bat egiten dio hatzez, telefonoz mintzatzen bukatzen duen bitartean, eta gero, jendetasunez eta batere harridurarik gabe, hauxe esaten dio, Kaixo, Silva jauna, aspaldian ezagutzen du eta ikusten duen bakoitzean joan
|
badoan
denborak eragindako diferentziak baizik ez dizkio ikusten, handik pixka batera inork galdetuko balio zer moduz aurkitu duen zuzentzailea, hauxe erantzungo luke, uste erabatekorik gabe, Ez dakit, apur bat urduri, agian, horixe esango du, gehiagorik ez, telefonista ez bide da oharmen luzekoa, edo Raimundo Silva berezko egoerara itzuli da, edo kanpotik ezin zitekeen ikusi barrutik zer gertatzen zen,... Sarak entzuten du Maria Sara doktoreak esaten diona, buruaz baiezkoa egiten du, elkarrizketa laburra da, baina ateaz beste aldean eduki duen berezi ikusteko ahalmenaren itzal zurbila den ikusmen hondar bat gelditzen zaiola, Raimundok behatzen du, hariz hari, telefonistaren ile horia, ahotz ehoaren kolorekoa, telefonistak burua apaldurik du, ezin igar dezake zer nolako basakeria dagoen begirada hartan, basakeria esatea gehiegikeria da, noski, gizonak ez baitu emakume harentzako txarrik nahi, begien kontua baizik ez da, gizonak zer egin behar duen esan diezaioten baizik ez du nahi, urrutitik etorri da, eta presaka, eta hantxe utzi ditu probak, sarrerako mahaian, erantzunik gabeko gutuna ekarri duen edozein mandatari bailitzan, Maria Sara doktoreak bere bulegoan itxaroteko esan du, telefonistak burua goratu du, irribarre egiten dio, Eskerrik asko, Sarita, Sarita deitzen dio betidanik, horrelaxe gelditu da, ezkondua eta ondoren alargundua den arren, zorte handiko jendea badago, gehienak emakumezkoak, bistan da, gizonek, orokorrean hitz eginda, haur izateko denbora laburra eduki baitute, eta batzuk ez dira sekula haur izan, jakina den bezala eta idatzita dagoen bezala, eta beste batzuk betiko haur gelditu dira, baina ez dira esatera ausartu.
|