|
Sarita etenaldi bat profitatzen ari da minutu batzuk lehenago infernuko klabija mataza hartan hautsi zaion azkazal bat arta ezin handiagoaz konpontzeko, haustura berdindu du dagoeneko, orain karraskaz leuntzen du, zolitasunez, jardunean guztiz sartua da, segurua da ez diola Raimundo Silvari honek nahiko lukeen bezala erantzungo, galdera egiteko ideia eduki baitu pasabidetik barna zetorrela, Costarekin eduki duen duelu dialektikoak lagundurik apika, horiexek dira ariketa gimnastiko intelektualaren abantailak, baina orain ikusiko da zer edo zertarako balioko duen, honako hau da galdera, Ba al dakizu Maria Sara doktorea deiak jasotzeko moduan ote dagoen, lan kontu bat aipatu behar diot, hau ere bukatu gabeko esaldia da, begirada irrikatsua da, unea ezin zitekeen txarragoa izan, izan ere, azkazal luze eta obalatu bat hautsi berri duenaren narritadura saihetsezina ulertzekoa baita, eta gainera telefono zerrendan bilatu du zenbakia, baldin eta telefonista zerrenda emateko gertu badago, Zorte txarra, pentsatu du Raimundo Silvak, niri gertatu behar zitzaidan, azkazala, karraska, Hara, Silva jauna, ez dakizu azkazal hauek zenbat lan ematen didaten, ea noiz kentzen didaten traste zahar hau eta noiz paratzen didaten zentral modernoa, botoiak dituzten horietakoa, elektronikoa, deiak jasotzeko moduan ote dagoen, hori ez dakit, baina zenbakia emango dizut, idatz ezazu. Buruz zekien, zenbat eta zenbaki gehiago buruz gogoratu, orduan eta harroago egoten zen, oroimena erakusteaz harro, oso oroimen ona du, Sara honek, eta beharrik, zenbakia bi aldiz errepikatu behar izan zuelako, hain nahasirik
|
baitzebilen
Raimundo Silva, lehen ez zuen non idatzi aurkitu, gero zifrak hartzean okertu zen, seia paratuz hirua zen tokian, garunak egiten ari zitzaion zalantza bat aztertzen ziharduen bitartean, geroxeago adierazi zuen zalantza hori, gauzari garrantzirik ematen ez dionaren tonuan, Baina hemendik ez badiozue hots egin deirik jaso ezin duelako izango da, noski, Nik ez diot hots egin, baina agian zuzendaritz... Saritak bukatutzat eman du azkazalaren konponketa, emaitza kritikoki behatzen du, kaltearen larritasuna kontuan hartuta, ahal duena egin du, are, pozik samar gelditu da, beharbada horregatik galdetu du, Nahi baduzu, hemendik hots egingo diot, orain, eta Raimundo Silva zer esan ez zekiela gelditu zen, burua indarrez mugitu zuen ezetz esateko, keinuz, eta une horretan, Jainkoaren probidentzia, zentralak dei bat jaso delako seinalea egin zuen, bi seinale ia batera, mundua bere ohiko orbitan sartu zen, hala irudituko zitzaion, bederen, Raimundo Silvak sakelan Maria Sararen telefonoa zeramala ez zekien edonori, eta horixe da, hain zuzen, unibertsoan eragin den aldaketa izugarria.
|