|
Hemen telefonoaren aurrean dagoen Raimundo Silva hau, aurikularra altxatu eta zenbaki bat markatzeko gauza ez den hau, gauza izan zen, gaztelu gainetik, hiria bere oinetan zuela, gauza izan zen, esaten ari ginen, Lisboa setiatu eta konkistatzeko lan izugarriari egokien zaizkion taktikak prestatzeko, baina orain gutxi falta du bere beste niaren borondatearen ausardia eroari men egin zion uneaz damutzeko, halako moldez non sakeletan bilatzen baitu zenbakia idatzi zuen papera, eta ez erabiltzeko asmoz, baizik eta galdu duelako esperantzan. Baina ez du galdu, hor dago, esku ahur irekian, zimurtua, denbora guztian bilatzen eta ukitzen ibili balitz bezala, galtzeko beldurrez edo, eta halaxe izan da, izan ere, Raimundo Silva
|
horretaz
gogoratzen ez den arren. Mahai aurrean eseririk, telefonoa aldamenean duela, Raimundo Silvak imajinatzen du zer gertatzen litzatekeen zenbakia markatzea erabakiko balu, zer elkarrizketa txirikordatuko zen, lehen asmatu duena ez bezalakoa, eta dauden aukeren zerrenda aztertzen ari denean gogora etortzen zaio, eta absurdoa da ordura arte gogora etorri ez izana, ez dakiela ezer Maria Sararen bizitza partikularrari buruz, ezkondua, alarguna, ezkongabea edo dibortziatua ote den, seme alabarik duen, bere gurasoekin bizi ote den edo bietako batekin bakarrik, edo bietako inorekin ez, eta ezagutzen ez duen errealitate hori mehatxagarri bihurtzen da, zenbait aste direla inolako tinkotasunik gabeko hondarrezko zoru gainean eraiki ametsezko arkitekturak eta esperantza ergela inarrosi eta jausi egiten ditu, Eman dezagun zenbakia markatu eta gizonezko ahots batek esaten didala ezin duela telefonoa hartu, ohean dagoela, baina esan dezadan nik zer nahi dudan, mandaturik utzi nahi ote dudan, edo galdetu edo informazioa eskatu nahi dudan, edo zer, ezetz, Maria Sara doktorea hobeki dagoen baizik ez nuela jakin nahi, bai, lankide bat, eta esaten ari nintzen bitartean nire buruari galdetuko nion, berriz ere, lankide hitza kasu honi aplika ote dakiokeen, zuzentzailearen eta bere nagusiaren arteko harreman profesionalaz ari garelarik kasu honetan, eta elkarrizketa bere amaierara iritsirik, neuk galdetuko nuen, Norekin ari naiz, eta besteak erantzungo zuen, Bere senarra naiz, berak ez duela ezkontza eraztunik egia den arren, baina horrek ez du ezer esan nahi, hortik zehar badira horrelakorik erabiltzen ez duten senar eta emazteak, eta horregatik ez dute beren burua dohakabeagotzat jotzen, edo ez dira dohakabeagoak, berdin da, bestalde, gizonaren erantzuna edozein kasutan berbera izango zen, Bere senarra naiz, horixe esango zuen, senarra ez balitz ere, gauza segurua da ez zidala erantzungo, Bere mutil laguna naiz, mutil laguna jada ez da erabiltzen, are gutxiago esango zidan, Berarekin bizi den gizona naiz, inork ez luke gauza horren zakar adieraziko, baina Maria Sarak badu zerbait, eta zerbait horrek esaten dit ez dagoela ezkonduta, ez da bakarrik eraztunaren kontua, definigaitza den zerbait da, hitz egiteko modua, gauzei arreta jartzeko era, beste nonbaitera ihes egin nahi duela ematen duela, eta ezkonduta hitza erabiltzen dudanean berdin esan nezake gizon batekin bizitzea, edo gizon bat edukitzea nahiz eta berarekin bizi ez, horri harremana deitu ohi zaio, edo ligea, ligeak konpromisorik gabeak eta ondoriorik gabeak izaten dira, gaur den egunean gehien aurkitzen dena da, nik ezin nezake esan halako dohatsutasunetan esperientzia handirik dudanik, munduari behatu eta dakienarengandik ikasi baizik ez dut nik egiten, edo ez askoz gehiago bederen, ustez dauzkagun jakintzen ehuneko laurogeita hamarra hortik etortzen zaigu, eta ez gure bizipenetatik, eta horretaz aparte aierua dago, formarik gabeko hodeia, non, batzuetan, bat bateko argi batek egiten baitu dir dir, intuizioa deitzen duguna, alabaina, nire aierua da, nire intuizioak esaten dit Maria Sararen bizitzan ez dagoela gizonik, hain polita izanda ezinezkoa dirudien arren, ez da izango goreneko edertasun bat, baina polita da, aurpegiz eta irudiz, eta gorputzari dagokionez, tira, gorputz batek zenbat balio duen biluzik dagoenean baizik ezin daiteke jakin, hau da zientziarik onena, ebidentziarena, are eta hobea ondoren, estalita dagoena ezagutu denean, eta gozatu.
|