|
Maitasunaren sua eguneroko bizitzara heda dezakegu, tantraren bideari jarraiki betiko argitu, Lurrean gure eginbeharra bete, hiru ume ekarri hiru erregeren pareko, leinu berria, Iñigo eta Mirentxu, Xabier eta Lidia, gizakia askatzeko konplot bikaina, euskal endaren benetako mistika, milaka urtean irautearen misterioa argituko duena, euskal eginkizuna Lurrean, giza sustraiaren hazia jatorrizko sabela ernalduz, zu zinen sabel hori, Sara, baina ez zenuen azken bururaino parte hartu nahi izan, ez zenuen iniziazioa burutu nahi izan, zure ukazioak dena pikutara bidali zuen, zu zeu izan nahi zenuen, ego hutsa, gogamenaren lakioan erori zinen, baina ez dizut errurik bota nahi, Sara, eutsi, eutsi, berriro hutsetik hasiko gara, oraingo honetan eldarniorik gabe, familia normal bat, ume bat edo bi, gehiagorik ez, zuk nahi bezala, Lidia edo Felix deituko diegu, gure bizitza zeharkatu zuten bi arima xalo haien omenez, eutsi, ez nazazu utzi orain, zure betseinetako elurraren zentzua ulertu dudan honetan, berotuko zaitut, ez duzu txortan egin nahi Dolomitetan bezala, nire aitak elurra urtzeraino egiten zituen arnasa ariketa haiek bezalakoak eginez, ez duzu bion gorputzen arteko surik sortu nahi, ezin duzu, ia arnasarik hartu ezin duzu, baina nik salbatuko zaitut, zatoz, besarka nazazu, belarri gingilak ahoaz berotuko dizkizut; gingilak oso gune garrantzitsua dira, horiek berotuz gorputz osoa pizten da, utzidazu pixka bat hozkatzen, bortxarik gabe, inoiz gehiago ez dizut eskurik erantsiko, nahiago moztu, Jainko maitea, nolatan orbandu dut zure garbitasuna, urdanga deitu zuri, emakume leialenari, maiterreak jota nengoen, hau eta hura susmatzen nuen, jostailu bat ukatu zaion umea bezain zapuzturik nengoen, zu zeu izan nahi zenuelako, zu zeu baino ez, urruntzen ikusten zintudan, baina beste modu batera hurbiltzen besterik ez zintzaizkidan ari, horixe zen dena, eta nik susmo txarra hartu; orain konturatzen naiz gehiago erakutsi didazula hilabete gutxitan aitak haurtzaro eta nerabezaro osoan baino, ama faltaren zauria sendatu nahi izan didazu, hura ordezteko mirabetzan erori gabe, zeure lekuan tinko, zu zeu izan nahirik, eta nik ulertzen ez, zu urdanga omen, urdanga, Lidia urdekeria hutsez eskaintzen zenidala iruditzen zitzaidan, ez nuen ulertu zure bihotzaren zabaltasuna, zure garbitasuna, zer nolako ziurtasuna zeneukan zeure buruarengan eta maitasun garbian, aparte geratzeko beldurrik gabe, zure maitasunaren indarra, ez nintzen ezertaz jabetu, dena aldrebes ulertu nuen; uko biribila eman zenion Iñigok iradokitako errituari: ..., denok biluztu, Xabier eta Lidia ere bai, eta triangelu bat osatu, hiru erregeen hirukia, erpinetan zuek, hiru emakumeok, eta hiru gizonok txandakatuz jo behar genizuen larrua, hazia isuri gabe; nik soilik isuriko nuen errituaren amaieran zure sabelean, une egokian, eguzkia eta ilargia angelu egokian zeudela, aro berriko lehen umearen hazia ernal zedin; eta erritua hiru bider errepikatuko genuen,
|
hiru
erregeak jaio zitezen. Baina uko biribila eman zenien asmo haiei, kontra atera zinen, dena pikutara bidali zenuen; ezin nuen ulertu, lehen Lidiarekin nahi bai eta modu erritualean, berriz, ez nahi izate hura, zu baitzinen hazia sabelean eraman behar zuena, izarrek seinalatua, baina uko egin zenion, Jainkoaren kontra oldartutako aingeru eroriaren pare, eta ni pixkanaka erotuz joan nintzen, arrazoia zenuen, psikiatra batengana joan behar nuen, neure buruari esaten nion nola joango da ba yoghi bat psikiatrarengana, jainkoarren, ezinezkoa da, yoghia orekaren eredu da, ez didazu ulertzen, horixe da dena, aurpegiratzen nizun; baina ni nintzen ulertzen ez zuena, ama txikitandik galdu izanagatik desorekatua, inoiz ez nuen gainditu galera hura, zu nire zauri hura goxatzeko zori zorian egon zinen; taldeko tantra erritu hura pikutara bidali zenuenean, onerako izan zen zure ukoa, orain ulertzen dut, barkaizkidazu emandako kolpeak, inoiz barkatzen ez badizkidazu ere ulertuko dut, zakur baten antzera abandonatzen banauzu ere, epaile baten aurrera eramaten banauzu ere, laidoz bete eta kartzelara bidaltzen banauzu ere, zer salbatzaile gorotz izango nintzen ba, zer arraza berri sortuko nuen ba, zer aro berri ekarri, nire bihotzeko maitea errespetatzeko ere gauza ez nintzen eta, zu zeu izan nahi zenuelako baino ez, zuretik onena eman nahi zenidalako baino ez... ez, ez, ez, zaude, eutsiozu, ez itxi begi horiek, bizirik iraun behar duzu, ikusiko duzu, Linzan barazki salda beroa hartuko dugu, esne beroa eztiarekin, aspirina pare bat, dutxa beroa, bi egun jarraian lotan, eta gero txortan, biziberritu arte, gela txikia utziko digute biontzat bakarrik, ia inor ez da egongo, ulertuko dut nigandik ezer nahi ez baduzu, gehiago txortarik jo nahi ez baduzu, zakur bat bezala zure albotik uxatzen banauzu, merezia dut, Sara, istorio honetako birjina bakarra, bekatari batek bezala hitz egiten baduzu ere zure ahotsa aingeruzkoa da niretzat, esadazu, esadazu berriro:
|