|
Tonu beti berdinean mintzatu zen, limurtzeko edo iradokitzeko modulaziorik gabe, hitz bakoitzak berez balio zezan nahiko balu bezala, une eta egoera hartan harrapa zezakeen esanahi gordinaz balio zezan, Etxe honetan bizi naiz, bakarrik, urte asko direla, ez dut emakumerik, salbu eta beharrak estutzen nauenean, eta orduan ere ez dut, bertute berezirik gabeko gizasemea naiz, normala naiz, baita ditudan akatsetan ere, eta honezkero ez nuen ezer askorik espero bizitzatik, tira, osasuna gordetzea espero nuen, erosoa delako, eta lanik falta ez izatea, hauexek ziren nire anbizioak, eta ez da gutxi, aitortu behar dut, orain nahiko nuke bizitzak ematea sekula eduki ote dudan gogoratzen ez dudana, bizitzak benetan duen ahogozoa dastatzeko aukera. ...horretan jakin minezko eta ustekabezko espresioak arreta kontzentratua ordezkatu zuen, eta Raimundo Silvak bukatu zuenean, esan zuen, Nire ustez, ez gara kontratu baten baldintzak ezartzen ari, eta ez didazu aldez aurretik banekiena kontatu behar, Hau da nire bizitzako gauza partikularrez hitz egiten dizudan lehen aldia, Partikularrak uste ohi ditugun gauzak jende guztiak dakizki, ez dakizu zenbat
|
gauza
jakitera irits zaitezkeen itxuraz interesik gabeko bizpahiru hitz aspertu egin ondoren, Nitaz galdetu duzu hortik zehar, beraz, Argitaletxean lan egiten duten zuzentzaileen gainean galdetu nuen, ideia bat egiten joateko, besterik ez, ulertzen al duzu, baina jendea beti dago prest galdetzen zaiona baino gehiago esateko, pixka bat animatzea izaten da kontua, horretara bideratzea haiek konturatu gab... Raimundo Silvak eskua pasatu zuen burutik, gero esan zuen, Ilea tindatzen nuen, utzi egin nion, erro zuriak ez dira ikusteko oso ederrak, barkatu, dena den laster edukiko dut ilea berezko kolorekoa, Ba nik utzi diot berezko koloreari, gaur, zu bisitatzera etorri baino lehen, ile apaindegira joan eta nire urdin beneragarriak tindatu ditut, Oso gutxi zeneuzkan, ez zuen merezi, Orduan ohartu zinen, Nahikoa gertutik begiratu nizun, zuk ere begiratuko zenidan eta galdetuko zenion zure buruari nola zen posible nire adineko gizon batek ile zuririk ez edukitzea, Sekula ez nuen halako galderarik egin, begi kolpe batez ikusten zen ilea tindatzen zenuela, inor engainatuko zenuela uste al zenuen, Neure burua baino ez nuen engainatzen, nonbait, Nik orain neure burua engainatzen hastea erabaki dudan bezala, Berdin da, Zer da berdin, Zuk ilea tindatzeko dauzkazun arrazoiak, nik tindatzeari uzteko dauzkadanak, Azal iezadazu hori hobeki, Nik ilea tindatzeari utzi diot naizen bezalakoa izateko, Eta nik, nik zergatik tindatzen dut, bada, Zaren bezalakoa izaten segitzeko, Hau da, hau, kasuistika miragarria, egunero buruko gimnasia egin dut zure parean egon ahal izateko, Ni ez naiz zu baino gehiago, zaharragoa naiz, besterik ez.
|