|
badakik frontoian jokatzen?, ba, orduan burtsan jokatzen ere badakik, ez zakiat ba, defenditzen zen Goio, hik nahi duana esango duk baina nik frontoiarena garbiago ikusten diat, tira, orduan ez hadi gehiago kezkatu eta jokatu frontoian, eta uztak burtsa Armanirentzat, Armanirentzat?, Goio harrituta, ez duk izango, berriz irri egiten zioten, izango ez duk ba, nondik uste duk ateratzen duela bestela, horren traje bakoitzak hire pagaren erdia balio dik, Goio, mesedez, Goio, –hau Armani zen–, Goioren begietan irakurtzen zuen mesfidantzak asaldaturik, eta nork lortu zian KPI gehi bateko igoera, zer uste duk, gauza horiek traje eder bat eramateagatik lortzen direla?, ez horixe, gure indarraren kontziente direlako lortzen dituk, eta guk badakigulako nola tratatu jendilaje hori, nola erabili, nola kudeatu gure indarra, eta horrek, gaur egun, lehen ez bezalako gauzak eskatzen ditik, esaterako irudia, esaterako trajea, nire trajea hire buzoa duk, gauzak izugarri aldatu dituk, errealitatea bera aldakorra duk, lehen ere ez al genian horretaz hitz egin, trajea atrezzoaren parte duk, baina patronalaren aurrez aurrekoak gogorrak dituk, gogorrak gero, baita zera ere, esaten zioten orduan beste mihigaizto batzuek, baina ez al diok bibotea ikusi, Armaniren bibotea sarria zen, itxia, batek bertan edozer aurkitzea espero duen horietakoa, ez al diok bibotea ikusi, nik lehengoan bertatik langostino azal bat ateratzen ikusi nian, horiek babokeriak dituk, Goio, patronalaren amarru zaharrak, borrokan kontsekuenteenak direnak desprestigiatzeko, horretan ez zagok aldaketarik, hori betiko errealitatea duk, hik hain ongi ezagutzen duana, Goio, hori jokabide betierekoa duk, dena den ulertzen diat, Goio, hain zuzen lehengoan hitz egin nian horretaz beste hainbat konpañerorekin, konfiantzazkoekin, badakik gauza nola dagoen gaur egun, garai berriei egokitzeko ahalegindu beharra zagok, lehen pentsaezinak irudituko litzaizkigukeen soluzioak, ez duk afiliatuentzako plan bat, ezin zaiok horrela deitu, baina sindikatuak ez dik begi txarrez ikusten, urte luzeetako afiliazioa daramaten kideentzat duk, bakarrik, eta pentsatu diagu agian hik, bakoitzak hainbeste jarri behar dik, nahi duenak, noski, nahi ez duenak ez dik jarri behar eta ez duk deus gertatzen, gero sindikatuak eramango dik irabazien ehuneko hainbeste, gainerakoa norberarentzat, joño, Armani, esaten didazun hau, ez nuen sekula pentsatuko, ez al zaizu iruditzen pixka bat, nola esango nuke, gure estilotik, gure etikatik kanpo, etika, etika, erraz esaten duk etika, esadak, Goio, hogeita hamabost urte buzoarekin ibilita, hiru txandatan, eta uste al duk hiri kontu eske etortzeko eskubidea eduki dezakeenik inork, urlia, sandia eta berendia sartu dituk, guztiz legala duk, errealitate aldakor honetan zilegi duk kapitalaren tresnak klase ikuspegi batekin erabil ditzagun, zilegi eta logikoa, ezin gaitezkek atzean geratu, ez kezkatu etikagatik, etika arazo faltsuengatik, ez zakiat, zioen bere artean Goiok, niregatik igual ez nikek egingo, baina familiarengatik, andrea eta semearengatik, semeak uste dik bere aita tonto hutsa dela, ez duk diru asko baina bizi osoko aurrerakina duk, edo ia, ateratzen denarekin etxean obra egingo genikek eta semea bidaltzen genikek kanpora ingelesa ikastera, Armanik arrazoi dik, ez diat kezkatu behar horregatik, eta zer arraio, ez ditek esaten, ba, mihigaiztoek, Armanik ordu sindikalak aprobetxatzen dituela bere swing a edo dena delakoa hobetzeko, orduan, zergatik ez ni... ez diat kezkatu behar horregatik, baina ez, esaten zioten beste lankide maltzur samar batzuek, ez kezkatu horregatik, kezkatu beste honengatik, eta berripaper bat erakusten zioten, non esaten baitzen planta itxi eta beste norabait eramango zutela, gaur jan dituan lentejak zorretan jan dituk, bai horixe, baina kreditua bukatu zaik, ez zagok lenteja gehiagorik, garaiz baino lehen azken tanta arte zukututako limoia haiz, hik ez duk jada limoi urik ematen, kitto beraz, baina lentejak ...i eutsi egingo zieagu, bai horixe, negoziazioak gogorrak izango dituk, negoziazioak gogorrak izaten ari dira, luzeak izaten ari dira, eta ez dirudi bide onetik doazenik, Elektrikak berriro behera, potroak, hi, negoziazio luzeak eta korapilatsuak eta halako desanimo orokorra zabaldu da fabrikan, aldez aurretik sentitutako derrota batena, kalean ere gero eta jende gutxiago, Poliziak ez du kargatzeko
|
ez
inor atxilotzeko beharrik ikusten, pintura planta hemen geratuko da, berrogeita hamazazpitik gorakoak aurrejubilatuko dituzte, eta gainerakoak kalera, hiru mila, bai, hiru mila baino beste lau milarena salbatu dugu, zer nahi duzue, ez dago besterik, baina nik berrogeita hamasei dauzkat, Armani, zorte txarra, Goio, zorte txarra, ahal izan den guztia egin dugu, baina ez dago besterik, azkenak argia...
|