|
Maria Sara esandako orduan iritsi zen. ...bait zekarren, hiztegiaren aldetik zorroztasun handiagoaz jokatuz ahorako munizioak deituko genituzkeenak, gerra batera etorri zen ber, bere erantzukizunez oso jakitun etorri ere, Bai, musu bat, eta bi, eta hiru, baina ez hadi distraitu, lanean ari hintzen eta lanean segitu behar duk, denborak denetarako ematen dik, baita laburra denean ere, eta guk bi gau eta egun oso bat ditiagu, eternitate bat,
|
emadak
beste musu bat, bakarrik, eta eser hadi, esadak zer moduz doan historia, Mogueimek eta Ouroanak topo egin diten, Horren eufemistikoki ez esateko, esan nahi duk jada oheratu direla, Nolabait esan, bai, Nola, nolabait esan, Haiek ez zitenan oherik, izarren argipean etzan zitunan, Hura zortea, Gau epela, haiek elkarrekin zitunan eta marea gora zetorrenan, Hitz horiekin idatziko huela espero diat, Ez... Maria Sarak paketeak barru aldera eraman zituen, bitartean Raimundo Silvak, zutik, bere orriei begiratzen zien, buruan beste pentsamendu bat duenaren aurpegiaz, Ezin al duk gehiago idatzi, galdetu zuen emakumeak itzultzean, nire etorrerak distraitu al hau, Ez dun gauza bera heu egotea edo ez, ez gaitun emozioak eta baita emoziorik izanaren oroimena galdu duten senar emazte zaharrak bezalakoak, alderantziz, Ouroana eta Mogueime bezalakoak gaitun, hasten ari gaitun, Orduan esan nahi duk distraitu egiten haudala, Jainkoari esker, baina pentsatzen ari nintzena zunan ez dudala hemen idazten segituko, Zergatik, Ez zekinat oso ongi, bulegoa uztea errutina uztea bezala izan zunan, agian beste denbora batean sartuko ninduen ohituraren urratzea, baina orain, ia itzultzen ari naizenean, nire zuzentzaile aulkia eta mahaia berreskuratzeko gogoa dinat, azken finean horixe naun, Zergatik errepikatzen duk behin eta berriz lelo hori, Mogueime eta Ouroanaren artekoan dena garbi geldi dadin, Azal ezak kontu hori, Mogueime ez dun sekula kapitain izango, eta ni ez naun inoiz idazle izango, Eta beldur haiz Ouroanak, ikusten duenean ez dela kapitainaren emaztea izatera iritsiko, ez ote dion bizkarra emango Mogueimeri, Handiagoak ere ikusi izan ditun, Ouroana horrek bizimodu hobea ezagutu zian zaldunarekin bizi izan zenean, eta orain, hala ere, Mogueime onartu dik, eta ez diat uste gizonak hartara bortxatuko zuenik, Ez naun Ouroanaz mintzatzen ari, Nitaz ari haiz, ederki zekiat, baina esaten ari haizena ez zaidak gustatzen, Hala iruditu zaidan, Gure artekoak iraun behar duena iraun dezala, baina nik garbi bizi nahi diat, nire gustukoa izan hintzen hintzenagatik, eta uste diat ni naizena izatea ez dela ni hire gustukoa izateko oztopo izango, eta kito, Barkatu, Alferrik ari haiz barkamen eske, gaitza zeuengan zagok, gizonengan, guztiengan, matxismoa duk gaitza, lanbidea ez denean, adina duk, adina ez denean, gizarte klasea duk, eta gizarte klasea ez denean dirua duk, noiz erabakiko duzue natural bizitzea, Ezein gizaki ez dun natural bizi, Ez duk beharrezkoa zuzentzailea izatea hori jakiteko, lizentziatu xume batek ere bazekik, Bazirudin gerran ari garela, Horixe ari garela gerran, setio gerra duk, gainera, gutariko bakoitzak bestea setiatzen dik, eta besteak setiatzen dik gutariko bakoitza, bestearen harresiak amildu nahi ditiagu, baina norberaren harresiak bota gabe, amodioa harresi gehiagorik ez izatea duk, amodioa duk setioaren bukaera.
|