|
Baixako jatetxe batean afaldu zuten, emakumeak setioko historia nola zihoan jakin nahi izan zuen, Ez zoan gaizki, nik uste, den bezain absurdoa izanda, Asko falta al duk bukatzeko, Hiru lerrotan buka liteken, gero ezkondu eta hagitz zoriontsuak izan zitunan formularekin, gure kasuan portugaldarrek, ahalegin alimale baten ondoren, hiria hartu zitenan, edo bestela has ninteken armak eta tresnak izendatzen, pertsonak eta pertsonaiak endredatzen, eta hala egitekotan ez niken inoiz bukatuko, beste aukera bat izango luken dagoen bezala uztea, elkarrekin topo egin dugunez gero, Nahiago nikek bukatuko bahu, Mogueime eta Ouroana horien bizitzei irtenbidea bilatu behar diek, gainerakoak ez dik hainbeste inporta, historia nola bukatuko den bazekiagu, bukaera horren nolakoaren froga duk Lisboan afaltzen ari garela, gu mairuak ez garelarik, ez eta mairuen lurrean dabiltzan turistak ere, Oso litekeena dun hiriko ateetara egin erasoan izan ziren hildakoak hilerrira eraman zituzten txalupak hementxetik bertatik pasatu izana, Etxera itzultzen garenean hasieratik irakurriko diat, Hori baldin eta gauza interesgarriagoetan jarduten ez badugu, Denbora luzea zeukaagu, jaun txit agurgarria, Gainera, historia laburra dun, ordu erdian dena irakurriko dun, ikusiko dunanez, gurutzatuek portugaldarrei lagundu nahi izan gabe alde egitearen ondorioa iruditzen zitzaidana baino ez dinat idatzi, Horrek nobela bat emango likek, Baliteken, baina honelako lanetan sartu nintzenean hik bahekien zuzentzaile normal eta apal bat baino gehiago ez nintzela, bestelako aparteko dohainik gabe, Desafioari aurre egiteko adina dohain baduk, ordea, Desafioa baino gehiago probokazioa deitu huke, hobeki esateko, Ongi zagok, probokazioa, Zer huen buru barruan erronka egin hidanean, zeren bila henbilen, Une hartan ez nian oso garbi ikusten, neure buruari ematen ahal nizkiokeen, edo eskatu hizkidanean hiri ematen ahal nizkian azalpen guztiak alferrekoak dituk, jada bistan duk hi hintzela bila nenbilena, Honako tipo argal eta serio hau, gaizki tindaturiko ilearekin dabilena, etxean giltzapeturik bizi dena, jaberik ez duen txakurra bezain tristea, Ikusi orduko gustatu zitzaidan gizona, errakuntza bat nahita jarri zuen gizona, non eta errakuntzak zuzendu behar zituen tokian, ezaren eta baiaren arteko bereizketa bizirik irautea beste helbururik ez duen buru eragiketa baten emaitza dela konturatu zen gizona, Arrazoi ona dun, Arrazoi neurekoia duk, Eta sozialki erabilgarria, Zalantzarik gabe, dena baiaren eta ezaren jabeak zeintzuk diren araberakoa den arren, Adostasunen eta jabetzen arabera sortzen diren arauek norabidetzen gaitizten, dun jabetza aldaturik adostasuna ere aldatzen dela, Ez duk irtenbiderik uzten, Ez zegon irtenbiderik, gela itxi batean bizi gaitun, eta gelako paretetan margotzen ditinagu mundua eta unibertsoa, Gogoan har ezak gizonak ilargia zapaldu duela, Eta berarekin bere gela itxia eraman zinan, Ezkorra haiz, Ez naun hainbestera iristen, errotik eszeptiko izatearekin konformatzen naun, Eszeptiko bat ez duk maitatzeko gauza, Alderantziz, maitasuna dun eszeptikoari sinesteko gelditzen zaion azken portua, Balitekek, Esan dezagun horren behar gorrian dagoela. ...horrelako aldrebeskeriarik, egileak editoreari afaria ordaintzea, ez dakik ezer harreman publikoez, Beti entzun dinat egile errukarriei esker bazkaltzen eta afaltzen dutela editoreek, Horiek kalumniak dituk, klase gorroto baten barne adierazpen zikinak, Ni ez naun gerra horretakoa, zuzentzaile xumea baizik ez naun, Horren bihotzez hartuko baduk, Ez ez, heuk ordaindu, baina bestelako arrazoi batzuk
|
zeuzkanat
hik ordaintzea onartzeko, Eta zein dira, Bada, setioaren historia makal honekin guztiarekin, ez dudala ia zuzentzaile lanik egin, eta, hortaz, nire ekonomiaren egoera periklitantearen arduraduna haizenez, bidezko dun hik ordaintzea, eta nolabaiteko trukea egitearren, bihar ogi xigortuak prestatuko dizkinat gosaltzeko, Horrela zorretan geratuko nauk berriz ere.
|