|
une hartan, gainera, gizonak betaurrekoak kendu, eta Adak, gizonaren begiak ankerrak iruditu zitzaizkiolako, edo senak, besterik gabe, halaxe agindu ziolako, istantean erretiratu zituen begiak, mugimendu ezin nabarmenago batean; handik aurrera, gizonak kikilduta, antza, Adaren mugimenduak zurrunagoak egin ziren, baita haren arnasa erritmo biziagokoa ere; bazirudien, beraz, urduritasunak hartuta zegoela, blokeatuta ere bai, beharbada –Teofilo Mariak ere ez ote zion esan, bada, esan ziona, Adak konfiantza har zezan eta bere konfiantzan hanka sar zezan? –, halako moduan, non hurrengo geltokian jaitsi baitzen, bat batean jaitsi ere, zegokiòn geltokia baino –Adak tranbia aldatu behar zuen, Domingoren lantegira iristeko– hiru geltoki lehenago; egin zuen tranbiak aurrera, hartu zuen Adak arnasa, eman zituen pauso batzuk tranbia aldaketa egin behar zuèn geltokirako bidean... baina burua atzera jiratu, eta berriro ikusi zuen betaurreko beltzak zituèn gizona; eta orduan, norabidea aldatzen zuela, lasterrari ekin zion: egin zituen hogei metro, berrogei, ehun, ehun eta hogei... begiratu zuen atzera berriro ere, badaezpada, arnasestuka,
|
baina
atzean inor ez: ez gabardinarik, ez betaurreko beltzik... detektibe ustezkoa ez behintzat!; hala, bada, bere irudipenak izan ote ziren guztiak?; gero, arnasa lasaitu zuen, baita aurpegiera ere, arestian hain deslekuan zuena; aldatze geltokira egiteko moduan zegoenean, baina –hara jotzen zuèn kaleari begira jarria zegoen bederen–, tren ziztua entzun eta, laurogeita hamar graduko bira eginda, berrehun bat metrora zegoèn Norteko tren geltokirantz abiatu zen –" Barru barrutik Anak deitu balit bezala izan zen, ez daukat beste esplikaziorik", azalduko zion, bere garaian, Txopitea doktoreari–; iritsi zen, sartu zen, ibili zen nasan gora eta nasan behera, tren heldu berriari arretaz begira, harik eta geltokiburuak banderatxoa jaitsi, trenak ziztua jo, eta makina eta bagoiak abian jarri ziren arte; eta orduan, bat batean amets batek hartu balu bezala, distira ezin distiratsuago batek bete zituen Adaren begiak, orduantxe ohartu balitz bezala ezen trenak beste lur batera zeramatzala bidaiariak; zenbat bider egin ez ote zuen, bada, Adak amets beste lur batekin, hain zegoen berean itota!; tren ziztuarekin batera barne oihu bat ere entzun zuen, ausaz, gizakia nomada zèn garaitik zetorkiona eta odolean halako dar dar berezi bat eragin ziona; zer egiten zuen berak, baina, han geldi, baldin eta une hartan ongi baino hobeto jakin behar bazuen, jakituriaren aurreko jakituria batean, askatasuna tren ihesaldi bat baizik ez zela?; eta, hala ere, geldi geldi geratu zen, ikuskizunak artean liluratua, odolaren aginduei erantzun ezinik; azkenik, trenak aurrera egiten zuen heinean, itzal bat sartu zen Adaren begietan, hauen distira astiro itzali zuena; Adaren begiek, beraz, ezin hobeto laburbiltzen zuten azken minutu hartan gertatua:
|