|
Raimundo Benvindo Silva zuzentzailea ezkongabea da eta ez du ezkontzeko asmorik, Berrogeita hamar urte baino gehiago ditut, esaten du, nork maiteko nau orain, edo nor maiteko nuke nik, nahiz eta, edonork dakien bezala, askoz errazagoa izan maitatzea maitatua izatea baino, eta azken komentario hau, iraganeko min baten oihartzuna dirudiena, orain fidakorren irakasgaia izateko sententzia bihurturik, azken komentario hau, baita hori baino lehen egindako galdera ere, bere kautan egin ditu, hitz gutxiko gizona delako, eta ez lagun eta ezagunen aurrean bere bihotza barreiatzen ibili zalea, lagunak eta ezagunak izanik ere, alabaina ez da beharrezkoa izango berauek kontaketa honetara gonbidatzea, kontaketa nola doan ikusirik. Anai-arrebarik ez du, bere gurasoak hil ziren, ez goizegi, ez beranduegi, familia, familiarik gelditzen bazaio, barreiatuta dago, familiaren berririk iristeak, iristen bada, lasaitasun gutxi ekartzen du, aldez aurretik lasaitasunik ez badago, alaitasuna joan zen, doluak ez du merezi, eta benetan berarengandik hurbil sentitzen dituen gauza bakarrak irakurtzen
|
ari den
probak dira, dirauten bitartean, maskara kendu beharreko okerra, eta baita ere, batzuetan, berea izan beharko ez zuen kezkaren bat, hor konpon egileak, ohorea beti haientzat da-eta, eta horrelakoa da oraintxe habaila balearrekin duen kezka, berriro gogora itzuli zaiona eta bertatik alde egin nahi ez duena. Raimundo Silva jaiki zen, azkenik, oinez bilatu zituen babutxak, Chinelos, chinelos, hitz kristaua da, Genoatik etorria, portugesez maskulinoan jarrita, eta bulegoan sartu zen bata pijamaren gainean janzten zuelarik.
|
|
Okerra atzeman delarik, alferrik da pentsatzen hastea Ez hori Lisboako Setioaren Historian egoteak etorkizunari begira zer ondorio ekarriko duen, gutxienez zoriak inkubazio luzeagoa edukitzen utzi baliezaio, orria orriaren kontra, irakurleen begien oharkabean, baina denen ezkutuan bere bidea egiten zuela, zurean intsektuek egiten duten bezala, oskol hustu bat uzten baitute altzari pisu bat bazegoela uste genuen tokian. Bazter batera bultzatu zituen zuzentzen
|
ari zen
probak, ez Costak egun seinalatu hartan utzi zion nobelarenak, hau poesia-liburu mehar bat da, eta buru nahastua bere eskuetan bermatzean, izenbururik eta egilerik gogoan ez zuen istorio batez oroitu zen, iruditzen zitzaion izenburua Tarzan eta Inperio Galdua zela, edo horrelako zer edo zer, istorio hartan bazegoen erromatar antzinakoak eta kristau berriak zituen hiri bat, denak Afrikako oihanea... Zirku bat bazen eta kristauak piztietara botatzen zituzten, hau da, lehoietara, gainera lehoiek etxean jokatzen duenaren abantaila zuten, eta nobelagileak idazten zuen, frogarik eman edo adituen iritzirik aipatu gabe, gizajo horien artean urdurienak zirenak ez zirela lehoien oldarraren zain gelditzen, lasterka hasten zirela, nolabait esan, heriotzaren bila, eta ez paradisuan sartzen lehenak izateko, saihetsezinaren zain egoteko kemenik ez zutelako baizik.
|