|
Artzapezpikuak esan zuen, eta Rogeirok gero era laburrean, takigrafikoki, erregistratu zuen, geroagoko utziz Osberno? Osberno hau
|
nahi den
tokian egonik eta izan dena izan dela ere, izeneko hitz-jasotzaileak sartuko dituen hitz-jarioaren edergailuak, nahiz eta jada badoan bere uztako biribiltzeak sartzen, inspirazioari eragitearen ondorioz, Adiskidetzeko etorri gara hona, hasi zen artzapezpikua, pentsatu dugulako ezen zuek eta guk, denok, natura beraren eta printzipio beraren semeak izanik, gaizki dagoela desatsegina baino gehiago den gatazka honekin jarraitzea, eta nahiko genuke zuek konturatzea ez garela hona etorri hiria konkistatzera edo zuen eskuetatik erauztera, eta horretan bertan has zaitezkete ikusten kristau guztien ontasunaren nolakoa, zeinek, berea dena eskatzen dutenean ere, ez baitute besterena lapurtzen, eta esango bazenute justu horretara etorri garela, erantzungo genuke hiri honen jabetza guri dagokigula, eta zuengan berezko justiziaren printzipioaren aztarrenik txikienik baldin balego, besterik gabe, zuen ekipaje, diru eta ondasunak bildu, zuen emazteak eta seme-alabak hartu, eta hanka egingo zenuketela aberri mairurantz, nondik ordu txarrean etorri baitzineten, guretzat utziz gurea dena, ez, utzidazue bukatzen, ederki ikusten dut burua alde batetik bestera mugitzen ari zaretela, keinuz adieraziz ahoak oraindik esan ez duena, egin ezazue kontu zuek, mairu eta moabiten arrazakook, iruzurrez lapurtu zenietela Lusitaniako erresuma zuen erresumari eta gure erresumari, gaur den egunera arte hiri, herri eta elizak suntsituz, hirurehun eta berrogeita hamazortzi urte baino gehiago badira gure hiriak eta gure lurren jabetza bidegabeki dauzkazuela, baina, tira, ikusirik horren luze jo duela Lisboan zaudeteneko epeak, eta bertan jaioak zaretela, zuekin ere erabiliko dugu gure ohiko ontasuna, eta eskatzen dizuegun gauza bakarra da zuen gazteluko gotorlekua eman diezaguzuen, gero zuetako bakoitzak bere lehengo askatasuna gordeko duela, ez zaituztegulako zuen etxeetatik kanporatu nahi, bertan zuen ohiturei atxikiz bizi ahalko zaretelarik, ez bada konbertsioz, libreki, Jainkoaren Eliza, egiazko bakarra, handiagotzera etorri nahi duzuela, lagun gisa ari natzaizue gaztigua ematen, Lisboa bezalako hiri batek anitzen askonahia biltzen du bere baitara, hain aberatsa izanik, dakigun bezala, eta ematen duen bezain zoriontsu emanik, ikus itzazue kanpamentuak, itsasontziak, zeuen aurka zin egindako gizon-multzo handia, horregatik arrenka ari natzaizue, alor eta fruituen hondamena galaraz ezazue, erruki zaitezte zeuen aberastasunez, erruki halaber zeuen odolaz, onar ezazue eskaintzen dizuegun bakea zeuenganako aldarte onak dirauen bitartean, ederki asko dakizue hobe dela borrokarik gabe lortzen den bakea odol asko isuriz lortzen dena baino, sekula galdu ez den osasuna indarrez eta behartuta gaixotasun larriak eta are heriotza-mehatxukoak gainditzen dituen osasuna baino hobea den gisa berean, eta ez naiz zer-gerta-ere ari, ohar zaitezte zein larri eta arriskugarri den erasotzen dizuen gaixotasuna, ez baduzue zuen osasunaren aldeko erabakia hartzen, bietako bat gertatuko zaizue, ala gaitza garaituko duzue, ala gaitzak garaituko zaituzte, eta ez ezazue nekerik har hirugarren aukerarik edo biderik bilatzen, hori baino hobe duzue zuhur jokatzea, zuen azkenera iritsi baitzarete, zaindu ezazue osasuna, beraz, horretarako denbora den bitartean, gogoan har erromatarren esaera, Harean ematen dio gladiadoreak bere buruari aholku, eta ez iezadazue erantzun zuek mairuak zaretela eta ez erromatarrak, nik esango nizueke esaera zuei ere haiei bezain egoki datorkizuela, hiltzera zoaztenez, eta hau esanda, ez dut zuekin listu gehiago gastatzeko asmorik, ezer esateko gogoa badaukazue, bota, eta labur.
|