|
Zenbait segundoz hantxe gelditu zen, bertan, gidariaren hurrengo azalpenaren zain balego bezala, gizonak esaten ahal zion, adibidez, Begira arrosak, eta emakumeak begiak desbideratu zituen, loreei erreparatu zien, etxean dituenen bikiak, eta gero, iradokizun konplizea bota zuen, sentimendu baten adierazpen diskretua, maitekorra, beharbada, Gure arrosak, izenordea azpimarratuz, baina gizona isilik dago eta emakumeak erdi idatzita dagoen orriari begiratzen dio etengabe, ez du ezer galdetu behar setioaren aztarnak hemen daudela jakiteko, argi itzal honetan aztarnok irakurtezinak dira, kronistak kaligrafia ona duen arren. Ulertu du, baita ere, Raimundo Silvak ez duela hitz egingo, eta emakumeak nahiko luke besteak hitz egitea, eta aldi berean ez du nahi, ezerk ez dezala errealitaterik gabeko isiltasun
|
hau
eten, baina gauden mundu honetan beste mundu bat sartzea galaraziko duen zerbait gerta dadila, heriotza bera, agian, egiazko beste mundu bakarra, zeren, martiztarrek eta lurtarrek elkarrekin topo egingo balute, beti edukiko bailukete bizia elkarren ezaugarri. Une egokian, aulkia apur bat apartatu eta eseri egiten da, ezkerreko eskuaz lanpara pizten du, argiak mahaia bete eta laino ukiezin eta ezin arinagozko halo bat hedatzen du gelan zehar.
|
|
Raimundo Silvaren eskuak poliki altxatu eta arrosak ukitzera doaz, bata, bestea, bi masail ukitzen ariko bailiran, bata, bestea, ondoren datorren mugimendurako sarrera, emeki emeki hurbiltzen diren bi ezpain horiek, lorearen petaloak, lorearen aho anitza, doi doi igurtzi arte. Ez dezala telefonoak orain hots egin, ezerk ez dezala une
|
hau
eten berez bukatzen den arte, bihar, Monte da Graçan bilduriko soldaduek orriken antzera egingo dute aurrera, ekialderantz eta mendebalderantz, ibaiko ertza topatu arte, Raimundo Silvaren aurretik pasatuko dira, bera Porta de Alfofako iparreko dorrean bizi baita, eta berak burua agertuko duenean terrazan, jakin minez, eskuan arrosa bat duela, edo bi, behetik oihukatuko diote beranduegi dela, arr... Alde honetatik, Porta de Ferrorantz, Mem Ramires kapitainak agintzen duen soldadu ostea jaitsiko da, tropelean Mogueime doa, bere buruzagiak ikusi egin du azkenik, eta ezagutu, alturarengatik seguru asko, aurpegia bizarduna baita, guztiona bezalakoa, eta oihu egingo dio, irri laño eta erdi aroko batekin, E, gizona, altuegi dira harresi hauek ni berriz zure sorbalda gainean igo eta eskala bota ahal izateko, Santaremen egin genuen bezala, ederki asko atera zitzaigun jokaldia, baita errege gure jaunari ere, eta Mogueimek, konfiantza eman zaion arren, bere ofizialak jada ospetsu den giza eskailerako parteen kokapen erlatiboari buruz eman duen bertsioari aurka egitea burutik pasatzen ez zaionez, gerrara doan soldaduak jeep baten gainean doan jeneralari erantzuten dion filosofiaz erantzungo dio, Hor barruan berriz elkar ikusten badugu, biok gerra irabazi dugun seinale izango da, baina gu biotako bat ez badago, horrek gerra galdurik dauka, eta orain, altxa beza jaun horrek bere ezkutua, hor gezi zaparrada bat dator eta.
|