|
Azkenik, telefonoa. ...ta Silva behatzen duen norbaiten aurretik, Nork esan behar zuen, adiskide laztana, holakorik gertatuko zitzaigunik, ez, ez erantzun, galdera erretorikoei erantzutea denbora alferrik galtzea da, hainbestetan ibili dugu gai hori, zoaz, zoaz, nik atzetik jarraituko dizut, nik inoiz ez dut presarik, egunen batean zurea izan behar duena, nirea ere izango da, ni naiz beti gero iristen den hura, zuk bizi
|
duzun
edozein une oroimenean gordetzen den arrosa lurrin bat zuregandik arnastuko banu bezala bizitzen dut, edo, hain poetikoki ez esatearren, zure ortuari eta baba zurietako platera, non zure haurtzaroa berriz jaiotzen den, eta zu ez zara konturatzen, eta esango banizu ez zenuke sinetsi nahiko. Raimundo Silvak telefonorantz jauzi egin zuen, segundo batez zalantza eduki zuen, Eta bera ez bada, baina bera zen, Maria Sara, eta hauxe esaten zion, Ez zenuen egin behar, Zergatik, galdetu zuen, berak, nahasirik, Gaurko egunetik aurrera ezin izango naizelako arrosarik egunero jaso gabe egon, Ez dut inoiz arrosekin huts egingo, Ez naiz arrosaz arrosaz ari, Orduan, Inork ez luke behin eman zuena baino gutxiago eman behar, sekula, ezin daiteke gaur arrosarik eman bihar basamortua emateko, Ez da basamorturik izango, Hori promes bat baizik ez da, ez dakigun gauza da, Egia da, ez dakiguna da, nik ere ez nekien bi arrosa igorriko nizkizula, eta zuk, Maria Sara, zure aldetik, oraindik ez dakizuna da hemen badirela zureak bezalako beste bi arrosa, loreontzi batean, sekula gertatu ez zen setio bat kontatzen duten orri batzuen ondoan, mahaitxo baten gainean, neronek ikusten dudan bezala existitzen ez den hirira zabaltzen den leiho baten ondoan, Zure etxea ezagutu nahi dut, Ez zaizu gustatuko, ausaz, Zergatik, Ez dakit nola adierazi, etxe xumea da, ez, okerrago, edertasunik gabea da, ni eta altzari batzuk hemen elkartu gara, liburu asko dago, liburuetatik bizi naiz, baina ni beti kanpoko aldean nagoena naiz, baita egilearen okerra edo oker tipografikoa zuzentzen dudanean ere, ni ez naiz lorategi batean hosto bat, garbitasunaren alde, zorutik jasotzen duen ibiltaria besterik, gero, non utzi ez dakiela, bere sakelan gordetzen duena, eta horixe da nirekin daramadan guztia, hosto idorrak, zimelduak, haien artean ez da ahoratzeko ona den fruiturik, Bisita egitera joango natzaizu, Ez da munduan hori baino gehiago desio dudan gauzarik, eten egin zuen une batez, eta gero gaineratu zuen, Oraingoz, baina esan berriaz damuturik, edo batere egokia ez zela deliberaturik, zuzendu egin zuen, Barkatu, ez zen hori nire asmoa, eta emakumeak isilik segitzen zuenez, sekula ahoskatzerik pentsatu ez zituen hitz zuzen, egiatiak, berez eta ez intsinuaziozko jolas zuhur batez adierazkorrak ziren hitzak askatu zituen, Bai, horixe zen nire asmoa, horixe, eta ez dizut barkamenik eskatuko.
|