|
Han goian gaztelua dago, almenetan giza irudi txikiak ikusten dira, beherago hiriaren harresia, alde honetako bere bi ateekin, Alfofa eta Ferroko ateak, biak itxirik, biak langaz trabatuak, beste aldean mairu jendea xuxurlaka dabilela susmatzen da, apur bat kezkaturik baina seguru oraindik, nola bukatuko da hau guztia, ibaia itsasontziz mukuru dago, muga egiten duen muinoan egiten ari diren topaketa, zutoihalak eta banderatxoak airean ikusten dira, ikusgarria da, garretan dauden suak ere ikusten dira, auskalo zertarako diren, eguraldia bero baitago eta ez baita bazkaltzeko ordua, almuedanoak iloba batek ematen dizkion azalpenak entzuten ditu eta txarrenera jartzen da, hau da, txarra oraindik gutxi gorabehera jasangarria izango zela pentsatzen hasten da. Une hartan erregeak ahots indartsua goratu zuen, Guk, hemen, munduko ipurdi honetan bizi izanagatik, laudorio handiak entzun ditugu zuei buruz, entzun
|
dugu
indar handiko gizonak zaretela, eta armekin izan litekeen trebeenak zaretela, eta ez dugu zalantzan jartzen, zuen gorpuzkera sendoak ikustea aski, eta gerra egiteko trebeziari dagokionez, gauza erlijiozkoetan nola profanoetan egin dituzuen ekintzen kontaketak dioenaz fio gara. Gu, hemen, hala egokitu zaigun lur esker gaiztokotik nola eratzen ari den izpiritu portugaldarrak pairatzen dituen axolagabekerietatik datozkigun zailtasunak ditugun arren, ahal duguntxoa egiten gabiltza, ez beti ur eta ez beti ardo, eta gainera mairu hauek hementxe edukitzeko zorte txarra eduki dugu, aberastasun gutxiko jendea, Granadakoekin edo Sevillakoekin alderatuz gero, horregatik hobe behin betiko kanporatzen baditugu, eta une honetara iritsirik arazo bat sortzen da, afera latz bat, zuen iritziaren kontsiderazioaren pean paratu nahi dudana, honako hau, alegia, Egia esan, guri komeni zaiguna laguntza da, nola esango nuke, debaldeko bezala edo, hau da, geldi zaitezte hemen bolada batez, laguntzera, noski, eta hemengo kontua bukatzen denean ordainketa sinboliko batekin konformatuko zarete, eta gero segi Toki Santuetara, han bai, han ordaindu eta berriz ordainduko dizuete, hala ondasun materialetan, ez baita konparatzerik mairu hauek daukaten aberastasuna turkoek daukatenarekin, nola izpirituzkoetan, han izpirituzko ondasunak fededunaren bizkarraren gainean hedatzen baitira oina lurrean paratu orduko, Zu, Pedro Pitões, adi ibili, dezente ikasi baitut latinez, itzulpena nola doan jakiteko beste bai behintzat, baina hor zaudeten gurutzatu jaunak, arren, ez ezazue pazientzia gal, ordainketa sinbolikoarena hitz egiteko modu bat baizik ez da izan, nik esan nahi nuena zen gure nazioaren etorkizuna bermatzeko oso komenigarria litzaigukeela hirian dauden ondasunak oro guretzat gordetzea, burutazio hau ez da inor harritzeko modukoa izango, baina egia hutsa da honako hau esaten edo egunen batean esango duen esaera, Pobrearentzako laguntzarik onena pobrearena da, tira, mintzatuz gero jendeak elkar ulertzen du, zuek esan zenbat kobratu nahi duzuen zerbitzuaren truke, eta ondoren ikusiko dugu prezioa adostu ahal dugun, nahiz eta, nire ahotik mintzo den egiaren izenean, esan behar dudan ezen nire arrazoiak baditudala pentsatzeko adostasunik lortu gabe ere, gu geu bakarrik mairuak garaitzeko eta hiria hartzeko gauza izango garela, Santaremen orain hiru hilabete egin genuen bezala, zurubi batekin eta dozena erdi gizonekin, gero armada osoa sartu zen, eta biztanleria guztia ezpataz pasatu zuen, gizonak, emakumeak eta haurrak, adinari erreparatu gabe, eskuetan armarik ba ote zuten edo ez kontuan hartu gabe, ihes egitea lortu zutenak baizik ez ziren salbatu, eta gutxi izan ziren, hortaz, hau guztia egin bagenuen, Lisboa setiatzeko ere bagara, eta hau esaten badizuet ez da zeuen laguntzari muzin egiten diodalako, baizik eta ikus dezazuen ez gaudela hain gabetuak indarrez eta kemenez, eta hori ez dudalarik oraindik aipatu gure arrazoirik onena, honakoa, hain zuzen, geuk, portugaldarrok, geure alde daukagula Jesukristo Gure Jauna, isilik egon hadi, Afonso.
|