|
Baina gero eta bakartuago geunden, Ananda; nik jada ez nuen harremanik nire lagunekin, are gutxiago garai bateko mutil adiskideekin, jeloskor jartzen zinen-eta haiekin irteten banintzen; gurasoen etxetik agertu ere ez nintzen egiten, zugatik utzi nuen familia, ama minduta zegoen nirekin, nebak hezurrak hautsi nahi zizkizun, eta ez zuen egin halakorik, bazekielako inoiz ez niola barkatuko, eta zuk hura guztia ego hutsa zela zenion, ego hutsa; ez, Ananda, haiena ere maitasuna zen, maitasuna ez baita elur garbia, maitasunak lohi orbanak baititu, gurasoek ere maite naute eta neuk ere maite ditut, ez noski zuk zeure aita eta zeure ama bezala, hutsunetik maite baitzenituen zuk eta nirekin bete nahi baitzenuen haien hutsunea, nik gurasoak modu arruntean maite ditut, gorrotoa eta gatazka ere tartean direla, nebarekin berebiziko eztabaidak izanez, maitatuz eta gorrotatuz, bai; hasieran, gurasoak biziki eskertu zizuten nire alde egin zenuena, nolabait salbatu egin baininduzun, mundu berri bat zabaldu baitzenuen nigan, lehen haren susmorik ere ez nuen mundu bat, gurasoak harro zeuden nire aldaketaz, baina urrundu egin ginen haiengandik, horrek min egin zien, zuk ez zenituen onartzen amaren erlijio ohiturak eta aitaren nahiz Kandidoren ateismoa, gu elizaz ezkontzea gustatuko zitzaion amari, edo gutxienez epaitegian, ados, niri ere bost axola hori, baina ulertzen diet; igandeetan haiekin bazkaltzera agertzea gustatuko litzaieke, noizbehinka gutxienez, baina zuk beti uko; jada gurasoek ez zuten aipatu ere egiten ardorik eta okelarik gure aurrean, gure elikadura modua onartua zuten, eta hala ere zuk ez zenuen mahaian eseri nahi hilotzak jaten dituen jendearekin, eroso ez zeundela antzematen zitzaizun, gero eta urrunago geunden mundutik, gu bion artekoa gaixotasun bihurtzen hasi zen, eta areagotu egin zen Iñigo eta horiekin juntatu ginenetik; halako batean, gaizki sentitu nintzen egoera hartan; nebak zu uztera behartu nahi ninduen, eta ipurtzulotik hartzera bidali nuen, harrezkero ez diot hitzik egin, ez zintudan galdu nahi, Ananda; baina orain ni neu izatea baino ez da nire helburua, ez dizut askorik eskatzen, ba; gurasoekin tarteka marteka egoteko beharra sentitzen dut eta nebarekin berriro eztabaidatzekoa eta kontraesanak aurpegiratzekoa eta ETAren bortxakeria muturrera botatzekoa; umeak baldin baditugu, gustatuko litzaidake aitona amonekin jolas daitezen, baina zuk ez zenuke onartuko arraza berriaren oinordekoak garbia ez den jendearekin nahasterik, hori ez da normala, Ananda, zerbait gaixoa dago horretan guztian, zu pertsona onbera zara, asmo garbiko haur baten antzekoa, horregatik ulertu behar didazu, zoriontsu izan gaitezke, eta zuk diozun Kailas espiritualera iritsi ere bai, eta Hiru Erregeen Mahaian ernaldu gure umeen haziak, zergatik ez, ederra izango litzateke, zuk niri atzetik bueltan eman eta gero aurrez aurre elkar besarkatu, animalien grina eta eguzkiaren garbitasun elurrezkoa bateratuz. Bai, nahi dut hori, Ananda, baina aldi berean ni neu izaten utzi behar didazu, bizimodu normal bat nahi dut, lagunei telefonoz deitu, haiekin noizbehinka geratu, nola doakien jakin, familiarekiko harremana berreskuratu;
|
besteek
ere badaukate zer erakutsirik, ez yoghiek soilik, Ananda, zatoz, jar ezazu burua nire bularren gainean, honela, honela, ikusten zein ongi gauden.
|