|
Segi genezake hirugarren, laugarren, bosgarren arazoekin, baita seigarren eta zazpigarrenarekin ere, baina denak dira, gutxiago edo gehiago, hasieran aipatu diren bi horien ondorio, horregatik beste gorabehera bat esatearekin konformatuko gara, narrazio hau beste hainbat arlotan ere zein egiazkoa den oso agerian uzten duena, geroxeago ikusiko dugunez, eta gorabehera da estuarioko ertzetik Porta de Ferrora oso distantzia laburra dagoela, ez ehun urrats baino gehiago, edo, neurri modernoetan paraturik, laurogei bat metro, distantziaren laburrak galarazten du hemen lehorreratzea, zeren txalupen multzoa etorriko baitzen arraunean, arraunketa nekosoan oraino estuarioaren erdian, armez eta gizonez astun zamaturik, eta ordurako hiriko harresiak soldaduz mukuru babesturik egongo ziren, eta beste batzuk, zutik, uraren ondoan, portugaldarrak noiz hurbilduko zain egongo ziren, geziez josteko. On Afonso Henriquesek hauxe esango dio, beraz,
|
bere
estatu nagusiari, Egia esan, ez da erraza, eta beste aldaera taktiko batzuk eztabaidatzen dituzten bitartean, gogora dezagun A Graciosa gozotegiko emakume potolo hura, gertaera hauek hasi zirenean gurutzatuen aurreratze hartatik ihesi iristen zirenen egoera penagarriaz mintzatzen zena, esan zuen Porta de Ferrotik odola zeriela sartzen ikusi zituela, eta une hartan guztiei egia biribila iruditu zi... Bistan da ezen, estuarioko ertzetik hain gertu egonik, Porta de Ferrok balio behar zuela, batez ere, pertsona eta merkantzien ibai garraiorako, zeina, agerikoa denez, ez bailitzateke oztopo bertatik errefuxiatuak sar zitezen, baldin eta ate hori ez balego, nolabait esan, harresiko hego muturrean, hau da, Santaremetik zein iparretik ihes zetozenentzako urrunen zegoen atea ez balitz.
|
|
Eguerdia zen, eta almuedanoak almenetako balkoietara igo ziren sinestunak otoitz egitera deitzera, hiria setiatua izanagatik eta gerra hotsetan sarturik egonagatik ez baitzitzaion utziko fedearen errituak betetzeari, meskita nagusikoak jakin bazekien soldadu kristauek alde guztietatik ikusten zutela, batez ere Porta de Ferro zelatatzen zutenek, handik, hain hurbiletik, baina honek ez zuen kezkatzen, lehenbizi ez baitzegoen gezi galdu batek jotzeko bezain hurbil, bigarrenik bere hitzek berek zainduko baitzuten arriskuetatik, La ilaha illa lla, horixe aldarrikatuko zuen, Ala da Jainko bakarra, eta zertarako balioko zion finean ez bazen. Alabaina, bost ateen aurrean dagoen portugaldarren armadak ez du besterik itxaroten, oihu hauxe entzun nahi du aldi bereko eraso orokorra jotzeko, dakigunez, gatazkarako plan behin betikoa hezurmamitzeko ezarri ziren erasorako neurrietako lehena, gure errege onak deliberatu zuenaren arabera,
|
bere
estatu nagusiaren iritzia entzun eta gero. Ez gara eroriko erasorako agindua mairu oharkabeen ahotan jartzeko erabaki ironikoari makiabelikoa deitzeko tentazioan, Makiabelo, artean, jaio gabea zelako, eta Lisboa hartu zen garaian, edo lehen, bizi zen bere arbasoetako inor ez baitzen engainatzeko artean maila nazioartekoan bereziki nabarmendu.
|