|
Jateko zerbait zekarren, hiztegiaren aldetik zorroztasun handiagoaz jokatuz ahorako munizioak deituko genituzkeenak, gerra batera etorri zen ber, bere erantzukizunez oso jakitun etorri ere, Bai, musu bat, eta bi, eta hiru, baina ez hadi distraitu, lanean ari hintzen eta lanean segitu behar duk, denborak denetarako ematen dik, baita laburra denean ere, eta guk bi gau eta egun oso bat ditiagu, eternitate bat, emadak beste musu bat, bakarrik, eta eser hadi, esadak zer moduz doan historia, Mogueimek eta Ouroanak topo egin diten, Horren eufemistikoki ez esateko, esan nahi duk jada oheratu direla, Nolabait esan, bai, Nola, nolabait esan, Haiek ez zitenan oherik, izarren argipean etzan zitunan, Hura zortea, Gau epela, haiek elkarrekin zitunan eta marea gora zetorrenan, Hitz horiekin idatziko huela espero diat, Ez, ez ditinat hitz horiek idatzi baina oraindik garaiz nagon. ...ritsiko, ez ote dion bizkarra emango Mogueimeri, Handiagoak ere ikusi izan ditun, Ouroana horrek bizimodu hobea ezagutu zian zaldunarekin bizi izan zenean, eta orain, hala ere, Mogueime onartu dik, eta ez diat uste gizonak hartara bortxatuko zuenik, Ez naun Ouroanaz mintzatzen ari, Nitaz ari haiz, ederki zekiat, baina esaten ari haizena ez zaidak gustatzen, Hala iruditu zaidan, Gure artekoak iraun
|
behar duena
iraun dezala, baina nik garbi bizi nahi diat, nire gustukoa izan hintzen hintzenagatik, eta uste diat ni naizena izatea ez dela ni hire gustukoa izateko oztopo izango, eta kito, Barkatu, Alferrik ari haiz barkamen eske, gaitza zeuengan zagok, gizonengan, guztiengan, matxismoa duk gaitza, lanbidea ez denean, adina duk, adina ez denean, gizarte-klasea duk, eta gizarte-klasea ez denean dirua duk, no... Raimundo Silvak irribarre egin zuen, Heuk idatzi behar huen historia hau, Sekula ez zitzaidaan burutik pasatuko hiri pasa zitzaian ideia, hau da, inolako zalantzarik ez duen gertaera historiko bat ukatzea, Neronek ere ez ninan jakingo esaten zergatik egin nuen, Egia esan, nik uste diat pertsonen arteko egiazko bereizketa horixe dela, baietz eta ezetz esaten dutenen artekoa, eta oso ongi zekiat, hik horretaz ohartarazi baino lehen esaten diat, pobreak eta aberatsak badirela, eta indartsuak eta ahulak, baina kontua ez duk hori, bedeinkatuak bitez ezetz esaten dutenak, beraiena izan beharko bailuke lur honetako erresumak, Beharko bailuke, esan dun, Nahita erabili diat hipotetikoa, lur honetako erresuma ezetza baietzaren zerbitzuan jartzeko talentua dutenena baita, edo eta, ezetz baten egileak izan direnean, arin bai arin ezetz hura ezabatu eta baietz bat jartzen dutenena, Ongi esana, Ouroana maitea, Eskerrik anitz, Mogueime maitea, baina ni emakume xume bat baizik ez nauk, lizentziatua banaiz ere, Eta ni gizon xume bat, zuzentzailea izanik ere.
|