|
Baina Lisboako Setioaren Historia horretako azken orrian aurki dezake Raimundo Silvak abertzaletasun bizkor baten adierazpen sutsua, segurutik bereganatuko duena, baldin eta bizitza monotono eta arruntak ez badu berea epeldu, orain dardaraz hasiko da, bai, baina heroien arimatik datorren hats paregabeak hartaraturik, ikusi bestela zer idatzi zuen historialariak, Gazteluaren goi aldean musulmanen ilgora jaitsi zen azkeneko aldiz, behin betiko, hiri kristau berriaren bataio santua munduari iragartzen zion gurutzearen ondoan, argiak musukatua, haize leunak kulunkatua, garaipenaren harrotasunak irabazle hedatua, eguratsa urdinean Afonso Henriquesen ikurra eraiki zen, poliki poliki, hots, Portugaleko armarria, Portugaleko quinak, alegia, kaka zaharra, eta inork ez dezala uste zuzentzaileak iraina ikur nazionalari egiten dionik, lasaitua, lasaitu zilegia baizik ez da, zeren, imajinazioaren oker inozoengatik arrazoirik gabe agiraka egin dioten horrek, bereak ez diren beste oker batzuk hantxe geldi daitezela onartu baitu, orain gogoak agintzen diona izanik, eta justizia guztiarekin, paperaren ertzetara deleatur suminen uholde bat botatzea, baina badakigu ez duela egingo, honelako zuzenketa batek egilea irainduko lukeelako, Zapataria oinbularraz hitz egitearekin konforma dadila, horretarako ordaintzen diote-eta, horiexek izan ziren Apelesen hitz pazientzia gabeak, hitz behin betikoak. Alabaina, oker hau ez da habailena bezalakoa, agian bai eta agian ez arteko huskeria baizik ez, izan ere zer inporta digu, gaur egun, balear edo baleariko deitzen ote zieten, baina inolaz ere onartu ez litzatekeena da Afonso Lehenaren garaian quina horiei buruz hitz egitea, quina horiek ez
|
baitzuten
toki bat izan banderan bere seme Sancho errege izan zen arte, eta orduan ere auskalo nola ezarririk, gurutzatuak edo erdian, edo quina bat hor eta gainerakoak bakoitza bere zokoan, edo zelai guztia betez, azken hau delarik, aditu serioenen arabera, hipotesirik zentzuzkoena. Oker larria, baina ez bakarra, denetako eta betiko Lisboako Setioaren Historia horren azken orria orbanduko duena, gainerakoan tuba burrunbariz, danborren hotsez oparo hornitua, hainbeste liluramendu erretorikoz hornitua, soldadu osteak paradan formatuak, horrelaxe irudikatzen ditugu, infanteak eta zaldunak oina lurrean, ikur nazkagarriaren jaitsierari eta ikur kristauaren zein lusitanoaren eraikitzeari begira, ahots bakarraz oihu egiten dutela Gora Portugal, ezpatarekin ezkutuen kontra danbatekoak emanez, algara militar kementsuaz, eta ondoren erregearen aurreko desfilea, erregea bere oinekin zanpatzen ari da, mendekatzaile, mairuen odolaz gain, musulmanen ilgora, eta hau da bigarren okerra, burugabekeriarik gorena, bandera hori ez baitzen sekula Lisboako hormen gainean jaso, zeren, historialariak jakin lukeen bezala, banderan ilgora jartzearena otomanoen inperioaren asmazioa izan baitzen, bi edo hiru mende geroago.
|